‘Eskerrik asko, Kepa’: Asier Aspuru pilotariaren mezu hunkigarria, Kepa Arroitajauregi gogoan

Anboto 2020ko mai. 31a, 22:04

Asier Aspuru pilotari abadiñarrak bidelagun izan du Kepa Arroitajauregi. Berarengandik ikasitako guztiagatik eta berarekin bizitako guztiagatik hunkituta eta esker oneko dago pilotaria. “Nire bizitzako txapel polittena zuri eskerrak irabazi neban, baina ordureko lagun bat aspaldi irabazitte neuken. Ez dau eta hori baino txapel ederragorik”. Mezu osoa behean irakurgai.

Esaten dabe mahai bat lurrera ez jausteko hanka ugari euki biher dauzela, bat hautsi ezkero be, mahaixe ondiño zutunik mantetzeko. Euskal pilota munduek hanka asko dekozen arren, zu juen eta mahaixe bapatien lurrera jausi da.

Astebete pasau ostien, ezin burutik kendu bixotzeko estutasune. Ezin burutik kendu zeu. Ezin burutik kendu Bakarne, Iker, Ibai, Nile. Ezin burutik kendu emoten zenduzen aholkuek. Ezin burutik kendu trinketien geratu dan isiltasune. Ezin burutik kendu sarera begiratu eta iñor ez ikustien bakardadie.

Nire bizitzako txapel polittena zuri eskerrak irabazi neban, baina ordureko lagun bat aspaldi irabazitte neuken. Ez dau eta hori baino txapel ederragorik. Denborarik ez zeuen lekutik ataratzen zendun beti tartetxo bat, trukien ezer eskatu barik, biher zabenari esku bat botateko. Eta ze gitxi baloretan doguzen tartetxo horiek, falta doguzen arte. Zeren ta denborie keie esku artetik eskapetan dan moduen juten da, baia zuk itxitako aztarniek betiko iraungo dau pasau zaren leku guztixetan.

Zeu izen ziñen Espainiako selekziñuen hautaketan berri emon zoztena. Nik ezer esan barik jakin zendun zein ixengo zan nire erantzune, zeuk erantzungo zendun barbera zan. Eta nik ezer esan barik be, nigatik erantzuteko askatasune eta konfiantza euki zendun. Eta hori asko da, asko.

Zuk itxitako hutsunie betetzie ezinezkue ixengo dan arren, zuk landatu zendunzen hazixek Euskal Herriko frontoi eta trinketietan loratzeko asmoz jarraituko dogu lanien. Seguru nau zauzen lekutik be zure babesa jasoko dogule zuriz janzten garen bakotxien. Eskerrik asko Kepa!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!