Iurretako frontoiari Kepa Arroitajauregiren izena ipiniko diote

Joseba Derteano 2020ko ira. 29a, 12:56

Mireia Elkoroiribe Amankomunazgoko presidenteak argitu du Iurretako frontoiari ipiniko diotela Kepa Arroitajauregiren izena.

Pilota munduko hainbat eragilek Abadiñoko trinketea (eta Durangaldeko trinkete bakarra) Kepa Arroitajauregi lez izendatzea eskatu zuten, Arroitajauregi hil eta gerora. Iurretako eragileek ere eskari berdintsua egin zuten. Olaburu frontoia Kepa Arroitajauregi pilotalekua izan zedin eskatu zuten. Hainbat aukera zeuden mahai gainean, eta, gaur, Mireia Elkoroiribe Amankomunazgoko presidenteak argitu du Iurretako frontoiari ipiniko diotela, azkenean, izendapen hori.

Adierazpenak gaur egin ditu Elkoroiribek, Arroitajauregiren omenezko pilota txapelketa aurkezteko prentsaurrekoan. "Arroitajauregiren familiari komentatu genion frontoia eta trinketea izendatzeko ideia. Jakin gura genuen ea zein iritzi zuten, zer iruditzen zitzaien,... nolabait, pentsatuta, zer izango ote zuen gurago Arroitajauregik berak. Azkenik, erabaki da Kepa Arroitajauregiren izena Iurretako frontoiak eramango duela. Abadiñoko trinketeak Tornosolo izaten jarraituko du baina Arroitajauregiren irudiari eta berak egindako lan guztiari lotuta geldituko da". 

Iurretan udalbatzarra egingo dute bihar arratsaldean eta gai hori tratauko dute.

Bestalde, Munduko Pilota Batzarreko presidentea den Fernando Azkaratek aurreratu du omenaldi bat antolatzeko asmoa dutela, baina gaur eguneko egoera hobetu arte itxarongo dutela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!