Pilota munduak kolpe handia jaso du Kepa Arroitajauregiren heriotzagaz, 48 urtegaz. Pilotari profesionala izan zen bi urtez, eta harrezkero pilotaren alde lanean aritu da. Munduko Pilota Biltzarreko burua izan da. Abadiñoko trinketean ere lan handia egin du. Asier Aspuruk azaldu duenez, Arroitajauregi beti egon da pilotari gazteei laguntzeko prest. "Pilotarioi aholkuak eta animoak ematen ibili da beti, modu altruistan", gogoratu du pilotari abadiñarrak.
Arroitajauregik lan asko egin du Euskal Herriko Pilota Federakuntzan. Euskadiko hautatzaile legez aritu zen. Sasoi hartan, Txaber Zabala Duragoko pilota eskolako arduraduna iurretarrak hautatutako pilotarietako bat izan zen. "Gogoan dut Venezuelara eta San Frantziskora joan ginela bidaian". Zabalak euskal pilota bultzatzen gogoratzen du Arroitajauregi. "Oso pertsona positiboa izan da, eta umeekin hartu-eman oso ona izan du", azaldu du Zabalak. Iurretarrak Zornotzako eta Abadiñoko pilota eskoletan lanean jardun zuen, baita kirol udalekuak antolatzen ere.
Iurretako kofradietako juntakidea izan da. Kofradietako juntakideek 24 urte lanean egiten dituztenean omendu egiten dituztenez, iaz Kepa Arroitajauregiren txanda izan zen.
Hedabideetan ere pilota sustatzeko lan handia egin du. Besteak beste, ERAZeko langilea izan zen eta ANBOTOko kolaboratzailea izan da. Eskerrik asko Kepa. Besarkada handi bat familia eta lagunei. Gogoan izango zaitugu beti.