“Ez da bide erraza izan, baina biolentzia jasaten dutenak, salatzera animatzen ditugu”

Aritz Maldonado 2019ko uzt. 8a, 20:22

Sexu erasoen biktimetako batek berba hartu zuen ama  eta bi alaben izenean Abadiñoko Txanporta plazan egindako kontzentrazioan. Hainbat herritarrek agertu diete babesa. “Guk sinesten dizuegu” izan da gehien entzun den leloa.

Berriki, Auzitegi Gorenak hamahiru urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri dio abadiñar bati, 2009tik emakumeari eta garai hartan adin txikikoak ziren bi alabei sexu erasoak egiteagatik. Eraso horiek salatzeko egin da gaurko elkarretaratzea. 

Biktimek, hasieratik alboan izandakoen babesa eskertu dute. Horrez gainera, salaketa jarri eta epaia irten bitarteko "momentu gogorrak" azpimarratu gura izan dituzte. "Denbora honetan, laguntzat geneuzkanak agurtzeri utzi digute, zurekin gurutzatu garen bakoitzean, iraindu egin gaituzu. Tentsio momentu ugari sortu gura izan dituzu, baina ez dugu gura zenuena lortu. Ez gara isildu eta aurrera jarraitu dugu", azaldu du biktimak.

Abadiñoko Udalak eta Durangaldeko mugimendu feministak ere biktimak babestu dituzte. “Hiru biktimen berba ez sinistu izana salatzen dugu” adierazi dute udal ordezkariek. Bestalde, erasoak autodefentsa feministaren bidez erantzuteko deia ere egin dute. 

2014an atxilotu zuten gizona lehenengoz, eta behin-behinean aske utzi zuten. Bizkaiko Lurralde Auzitegiak hamasei urteko zigorra ezarri zion gizonari hasiera batean, baina errekurritu egin zuen. Harrezkero gizona kalean egon da. Auzitegi Gorenak ekainean kaleratutako sententzian hamahiru urte eta erdira murriztu dio kartzela zigorra. 

Urruntze agindua urratzeagatik epaiketa

Horrez gainera, asteburuan urruntze agindua urratzeagatik epaiketa azkarra eduki du gizonak gaur goizean Durangoko epaitegian. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!