Abadiñoko Udala: "Hiru emakumeen bizipena zalantzan jarri izana eta horrek ekarri dien min areagotua salatzen ditugu"

Aritz Maldonado 2019ko uzt. 4a, 14:17
Artxiboko irudia: Matienan 2018ko abuztuan egindako elkarretaratzeko argazkia.

44 urteko abadiñarrari Auzitegi Gorenak ezarri dion 13 urte eta erdiko kartzela zigorra dela eta oharra kaleratu du Abadiñoko Udalak. Gogor salatu du indarkeria matxista kasua, eta babesa agertu die biktima izan diren hiru emakume abadiñarrei. 

Hauxe da Abadiñoko Udalaren adierazpen instituzionala: 

Auzitegi Gorenak hamahiru urte t’erdiko kartzela- zigorra ezarri dio abadiñarrari, herriko hiru emakumeren kontrako etengabeko sexu- indarkeriagatik. Hiru emakume horietatik bi adingabeak ziren sexu-erasoak jaso zituzten bost urteetan.

Abadiñoko Udalak gogor salatzen eta gaitzesten du indarkeria matxistako kasu larri hau, eta bere babes osoa eskaintzen die biktima izan diren hiru emakumeei, haien eskura jartzen dituelarik behar dituzten baliabide guztiak.

Aldarrikatzen dugu indarkeria matxistaren biktima diren emakume guztien sinesgarritasuna, eta salatzen dugu hiru emakume horien kasuan azken urteotan hainbatek zalantzan jarri izana euren bizipena eta horrek ekarri dien min areagotua eta berbiktimizazioa.

Abadiño Udalak gogor salatzen eta gaitzesten ditu emakume eta umeen kontrako indarkeria matxistaren adierazpen guztiak. Indarkeria matxista giza eskubideen urraketa larri eta onartezina da, izaera estrukturala eta unibertsala du, eta lotura estua dauka genero diskriminazioarekin.

Zentzu horretan, Udal honek bere konpromisoa adierazten du lanean jarraitzeko emakume eta gizonen berdintasunaren eta emakumeen aurkako indarkeriatik libre egongo den gizarte baten alde.

Abadiñoko Udalak dei egiten dizue abadiñar guztioi salatu eta gaitzetsi dezazuen indarkeria matxistako kasu hau, eta parte har dezazuen Abadiñoko Udalak eta Durangaldeko Mugimendu Feministak elkarrekin deitutako kontzentrazioan, astelehenean, hilak 8, 20:00etan, Txanporta Plazan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!