Jose Luis Navarro : "Errespetatu Abadiñoko Udalaren autonomia bere hirigintza plana egiteko"

Anboto 2018ko abe. 7a, 20:35

Muruetako lurren inguruan, Abadiñoko alkateak Durangoko EH Bilduri eta Herriaren Eskubideari zuzendu dien mezua da. 

San Fausto ondoko lur horietan —Abadiñon, Murueta inguruan— beste merkatalgune bat beharrean, parke teknologikoa eta formazio gunea sortzearen aldeko mozioa aurkeztu zuen Durangoko EH Bilduk azken udalbatzarrean eta onartu egin zen, Herriaren Eskubideak babestuta.

Ildo horretatik, udaleko ohar baten bidez, Jose Luis Navarro Abadiñoko alkateak honakoa eskatu die bi alderdiei: "Errespetatu Abadiñoko Udalaren autonomia bere hirigintzako plangintza egiteko". 
 
Navarroren esanetan, Muruetan parke zientifiko bat eraikitzeko aukera hori "jasota dago Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean [HAPO], zeinetan erabilera hori aurreikusten den Landako ondoan dauden lursailetarako". Hala ere, azaldu du San Faustoko mugan dauden lursailak  "merkataritza-lurzoru izateko erreserbatuta" dituela HAPOk.
 
Era berean, gogorarazi du HAPOa egiteko udalak abian jarri zuela herritarren parte-hartze plan bat,  zeinaren bidez "ahotsa eman zitzaien herriko merkatari eta elkarteei".
Alkateak azpimarratu duenez, hilaren 27an, Abadiñoko osoko bilkurak onartu zuen Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren eskuetan jartzea Abadiño eta Durango arteko mugan dauden lursailak, "bertan garatzeko parke teknologiko edo zientifiko bat, nahiz beste edozein jarduera garbi".
 
Azkenik, alderdi biei eskatu die "euren udalerriaz arduratzeko". "Oraindik zain gaude noiz etorriko zaizkigun bi alderdi horiek galdetzera zer iruditzen zaigun Durangoko Udalak Abadiñoko mugan abiatutako edozein ekimen", adierazi du.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!