Argi berdea Muruetako lurren birkalifikazioari

Aritz Maldonado 2018ko uzt. 19a, 10:25

AI eta EAJren aldeko botoekaz Udal Arau Subsidiarioen Aldaketa Puntuala onartu dute. EH Bilduk aurka bozkatu du.

Soka luzea dakar gaiak atzetik, izan ere, Abadiñoko Udalak Muruetako lurrak birkalifikatu eta hainbat saltoki zabaltzeko plana iragarri zuen 2016.urtean. Sasoi hartan Jose Luis Navarro alkateak iragarri zuen Mercadona, Lidl eta beste saltoki bat Muruetan zabaltzeko plana. Azkenean, Mercadonak atzera egin zuen. Atzoko erabakiagaz, 32.000 metroko lur-arlo urbanizaezina erabilera komertzial eta tertziarioko hirilur bihurtzea da helburua. Orain, prozedurako lehenbiziko fasea onartu dute. 

Atzoko plenoan eztabaida piztu zuen erabakiak, saltoki handi gehiagoren etorrerak izan ditzakeen ondorioengatik."Herriko merkatariak batu eta plataforma osatu zuten, sindikatuek ere beraien kezka agertu zuten, eta 1.000 sinaduratik gora bildu ziren herri galdeketa egitea eskatzeko. Hori ez da kontutan hartuko?", galdetu zuen Mikel Urrutia EH Bilduko zinegotziak. Jose Luis Navarro alkatearen berbetan, ostera, lur horiek erabilera komertzialerako baliatzea da abadiñarrentzako irtenbide egokiena. "Lanpostuak sortuko ditu. Horrez gainera, eremu horri azken ukitua emateko aukera ona da". 

Abadiño eraikitzeko ikuspuntu ezberdinak azaldu zituzten alkateak eta oposizioak. "Lur-arlo industrialaren eta komertzialaren arteko oreka bat bilatzen dugu. Muruetan ez dugu etxebizitzarik eraikiko, kokapenagatik zerbitzu ugari hara eraman beharko zirelako; ez da industriarik ezarriko, hango bizilagunak ez molestatzeko, beraz, zer gehiago jarri dezakegu bertan?", itaundu zuen Navarrok. Urrutiak, ostera, herria eraikitzeko "modu ez jasangarria" dela adierazi zuen.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!