Muruetako lursailetan parke teknologikoa eta formazio gunea sortzea proposatu du EH Bilduk

Anboto 2018ko aza. 25a, 10:26

Eskualdeko industria dibertsifikatzeko balioko luke egitasmoak alderdi politikoaren ustetan.

"Durangaldeak lehiakortasun eta birkualifikazio beharra dauka" azaldu dute alderdiko ordezkariek. Horrez gainera, proiektua lehendik ere Durango Area Funtzionaleko Lurralde Plan Partzialean aurreikusten dela gaineratu dute, hori dela eta, erakundeetatik proiektuari bultzada bat emateko unea dela uste du EH Bilduk.

Lursail hauetan merkatalgune berria irekitzea errazteko, araudia aldatu du berriki Abadiñoko Udalak. EH Bilduren ustetan, ostera, eragin negatiboa edukiko luke aukera horrek. "Komertzio txikien itxiera, kualifikazio baxuko lanpostu berrien sorrera, ordainsari baxuak..." aipatu dituzte ondorio gisa.

EH Bilduk proiektu honen proposamena Bizkaiko Batzar Nagusietan aurkeztu zuen azaroaren 21ean, eta "ia aho batez" onartu zen. Martitzenean, Abadiñoko eta Durangoko bilkuretan proiektu berdina aurkeztuko dute mozio bidez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!