Herritarrek kargu hartu diote Abadiñoko udal gobernuari OHZ zerga ez jaistearren

Aritz Maldonado 2018ko aza. 28a, 08:40

Udal aretoa txiki utzi zuten beste behin OHZren igoerarekin haserre dauden herritarrek. Jose Luis Navarro alkateari "herriari ez entzutea" leporatu diote. "Alkatetzara eraman zintuzten bere garaian herritarrek, eta orain ez diezu kasurik egiten herritar horiei". 

Galderen tartean herritar talde batek OHZ zergaren igoeraren zergatia galdetu zioten alkateari. "Oraindik ez duzu azaldu zergatik igo zenuten OHZ zerga %0,32, Durango moduko herri batean %0,29an dagoenean. Abadiñok zerbitzuak hirukoiztuak dituen herria dela diozue, baina auzoetan ez da hori igartzen".

Urri amaieran batzar irekia deitu zuten udal gobernuko hainbat kidek gaiari buruz berba egiteko, eta bestelako neurriak ere hartu ditu udal gobernuak OHZ zergaren igoera "bereziki sufritzen" duten herritarren mesedetan. Landa eremuko herritarrak "babesteko" asmoz, Abadiñoko Udalak 42.000 euroko diru-atala bideratu dute, besteak beste. Bilkurara agertutako herritarren ustetan, baina, neurria ez da nahikoa. "Bakar-jokoan tranpak egitea da hori" bota zuen herritar baten, haserre. EH Bilduk, gainera, kezka agertu du laguntza horiek Kontuen Auzitegiak inpugnatu ditzateketela uste dute-eta.

Jose Luis Navarro alkatearen berbetan, udal gobernua arazoari alde guztiak asetuko dituen konponbide baten alde lanean ari da. Abenduaren 31a arte zabalik dago epea diru laguntzak eskatzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!