Zalaparta ugari sortu da azken aldian OHZren inguruan Abadiñon. Atzoko plenoan baserritarrei zerga hau ordaintzeko laguntzak onartu ziren. Horrez gainera, Ordenantza Fiskaletan aldaketak ere onartu ziren. Abadiñoko Independenteen eta EAJren babesa izan zuten neurri hauek. EH Bildu, berriz, abstenitu egin zen. Koalizioaren ustetan, aldaketek egiturakoak izan behar dute, eta ez "neurri aringarriak". Mikel Urrutia zinegotziaren berbetan, "Jendea ixiltzeko bonifikazioak" baino ez dira neurri hauek. "Udalaren diru-sarrerak %35 igo dira, baina zerbitzuetan ez da tamainako hobekuntzarik igartzen". Navarro alkatearen berbetan, aldiz, neurriak egokiak dira, eta beti udal gaobernuaren aurka egitea leporatu zion EH Bilduko zinegotziari.
Horrez gainera, Astola Polikiroldegiko tarifak %33 eta %45 artean jaistea onartu zen. Kale garbiketen zerbitzua Traeco enpresari esleitzea onartu zen, baita ere.
Azaroaren 25eko Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Egunerako eta abenduaren 3ko Euskararen Nazioarteko Eguneko udal adierazpenak onartu ziren, baita ere.