Hilketa matxistak Traña-Matienan

Gaitzespen adierazpenak Abadiñon gertatutako hilketen aurrean

Anboto 2014ko abe. 11a, 11:54

Gaur goizean, Mari Luz Alejok lan egiten zuen Inyectametal enpresako langileak elkarretaratzean batu dira. Era berean, Eusko Legebiltzarreko ordezkariek minutu bateko isilunea egin dute.

Atzo Abadiñon hilik agertu ziren Mari Luz Alejo Rodriguez eta Amelia Rodriguez Sardon ama-alaben hilketa genero biolentzia kasu bat dela baieztatu du Jose Luis Navarro alkateak. Alejoren senarrak emaztea eta amaginarreba hil izana aitortu zuela baieztatu zuen Navarrok atzo iluntzean bertan Matienan egindako elkarretaratzearen ondoren. Gertaera bortitz honen aurrean, gaitzespen adierazpenak etenbarik plazaratu dituzte.

 Gaur, 11:00etan, Mari Luz Alejok lan egin zuen Abadiñoko Inyectametal enpresan elkarretaratzean elkartu dira lankidearen hilketak salatzeko. Era berean, Eusko Legebiltzarrak minutu bateko isilunea egin du bi hilketak gaitzesteko. “Uste dugu indarkeria sexista gizon eta emakumeen arteko desberdintasunen adierazpen larriena dela”, azaldu zuen Bakartxo Telleria Legebiltzarreko presidenteak irakurritako oharrean.Herritarrei “konpromiso pertsonal eta kolektiboak” hartzeko eskatu zien berdintasunaren alde.

Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxako Plataformak bihar arratsaldeko 19:30erako manifestazoa deitu du Matienako kioskotik irtenda, Emakumeon aurkako indarkeriari aurre egin goiburuagaz.

Atxondoko udalaren adierazpena

Atxondoko Udalak Traña-Matienako hilketaren eta Atxondoko sutearen aurrean hiru puntuko adierazpen bat argitaratu du. Lehenik eta behin, Traña-Matienako emakumeen hilketa "gaitzetsi eta senide eta lagunei elkartasuna" adierazten die eta "genero indarkeria desagerrarazteko eta berdintasunean oinarritutako gizarte eredu berri baten aldeko  konpromisoa" agertu du. Zentzu horretan, Emakumeen Mundu Martxak abenduaren 12an Abadiñon egingo duen mobilizazio deialdiagaz bat egin du eta atxondar denei parte hartzeko deia egin die.

Azkenengo puntuan Zuhaitz enpresaren sutearen ondorioz kaltetutako langile eta jabeekin batzartzeko borondatea adierazi du: "Gaur egungo egoera sozio-ekonomiko zailaren aurrean, udalaren eskuetan dagoen guztia egiteko borondatea helarazi nahi dugu".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!