Hilketa matxistak Traña-Matienan

Bi emakume hilda agertu dira Abadiñon “bortizkeria zantzuekin”

Anboto 2014ko abe. 10a, 10:06

Abadiñoko Udalak deialdia luzatu du, gaur, 19:00etan, emakume bien hilketa salatzeko kontzentraziora batzeko. Jose Antonio Unzueta eta Trañabarren kaleen elkargunean burutuko dute kontzentrazioa. Ordu laurdeneko elkarretaratze isila egingo dute. Udaleko bozeroaleen batzordeak dolu egun izendatu ditu gaurkoa eta biharkoa.  

Emakumeak ama-alabak dira. Gertaera horrek Apatako Zuhaitz enpresan izan den sutearekin loturarik duen ikertzen ari da Ertzaintza.

Gaur goizean, 08:30 aldera, ama eta alaba bat hilda agertu dira Abadiñon. Senitarteko batek aurkitu ditu. Ertzaintzak adierazi duenez, “bortizkeria zantzuak” zituzten hildakoek.

Bestalde, 08:00 inguruan, sua sortu da Apatako Artia industrigunean dagoen Zuhaitz enpresan. Suhiltzaileek bertan zegoen gizon bat Gurutzetako ospitalera ebakuatu dute. Ertzaintzak uste du gertaera biak erlazionatuta egon daitezkeela eta ikertzen ari da.

Udaleko bozeroaleen batzordearen gaitzespena

Erailketak gaitzesteko komunikatua adostu du Abadiñoko Udaleko bozeroaleen batzordeak. Aho batez onartu dute adierazpen instituzional hori Abadiñoko Independienteak, Bildu eta EAJ alderdien ordezkariek.

Hilketaren inguruko Ertzaintzaren ikerketak zabalik jarraitzen duela gogoan izan arren, Abadiñoko Udaleko bozeroaleen batzordeak salatu du, "hilketa honetan biktimak emakume babesgabeak" izan direla beste behin, eta horregatik, genero biolentzia erabat gaitzetsi dute.

Hiru alderdiek adosturiko idatzian azpimarratzen da, euren auzoan oso maiteak ziren bi emakumeen heriotzak herria nabarmen kolpatu duela.

Gaurkoa eta biharkoa dolu egunak izendatu ditu Abadiñoko Udaleko bozeroaleen batzordeak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!