Hilketa matxistak Traña-Matienan

Jendetza bildu da Matienan, genero indarkeriaren hilketak salatzera

Anboto 2014ko abe. 12a, 21:00

Eguaztenean Traña-Matienan egindako kontzentrazioa. (Argazkia: Argazkipress)

Mari Luz Alejo eta Amalia Rodriguezen hilketa matxistak gaitzesteko Emakumeon Mundu Martxaren Euskal Herriko Plataformak gaurko deitu duen manifestazioagaz bat egin dute ehundaka herritarrek. Traña-Matiena plaza bete egin da, 'Emakumeen aurkako indarkeriarik ez' lemapean genero indarkeria salatzeko. Durangoko epaitegian deklaratu eta gero kartzelaratu egin dute hildakoen senarra eta suhia.

 

Hilketa matxistak gaitzesteko, adierazpen instituzionala onartu du Abadiñoko Udalak, gaur 14:00etan egin duten ez-ohiko udalbatzarrean. Idatzi horretan, Emakumeon Mundu Martxaren Euskal Herriko Plataformak gaurko deitu duen manifestazioagaz bat egitera deitu dituzte Abadiñoko Independienteak, Bildu eta EAJ alderdiek herritar guztiak.

Bozeroaleen batzordearen adierazpena

Mari Luz Rodríguez eta Amelia Rodríguezen senide, adiskide eta auzokideei "doluminak, laguntza, babesa, maitasuna eta elkartasuna" helarazi dizkio adierazpen instituzional horretan, Abadiñoko Udalak. Gaur, 14:00etan egingo duten ez-ohiko udalbatzarrean onartuko dute adierazpen instituzionala.

"Adierazpen honen bitartez Abadiñoko udalbatzak aho batez adierazi du bere gaitzespen eta haserre biziena gure herrian gertatu diren bi hilketa matxista hauen aurrean", diote udalean ordezkaritza daukaten hiru alderdi politikoen ordezkariek: "Higuingarriak zaizkigu hilketa doilor hauek, eta adierazi nahi dugu erabateko konpromiso politikoa hartuta daukagula gizarte arazo horren aurka borrokatzeko eta portaera horiek gure artetik desagertarazteko".

Azken urte honetan herrian izan diren eraso matxisten aurrean, Abadiñoko hautetsiek komunikatuetatik haratago joateko konpromezua hartu dute. Horretarako, herritarrekin eta elkarteekin ariko direla iragarri dute: Udaleko Berdintasun plana berrikusi eta beharrezko neurriak hartzeko, udaleko batzorde berezia eratuko dute. Bestalde, emakume bien hilketa epaitzeko abiatuko den prozedura judizialean akusazio partikular gisa azaltzeko prestutasuna ere agertu du Abadiñoko Udalak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!