Gaur, 18:30ean, San Blas Saria txapelketako finalak jokatuko dituzte Abadiñoko Tornosolo trinketean. Lehenengo Mailan Rober Uriarte eta Ander Antxiak osatutako bikote abadiñarra heldu da finalera. Zigor bat bete ostean, orain urte eta erdi kantxetara itzuli zen Sebastien Sorhuet, eta aspaldian maila handian dabilen Inhar Ugarte izango dituzte aurkari.
Final gogorra aurreikusten du Antxiak: “Inhar Ugarte aspaldiko mailarik onenean dabil, eta Sorhuet ez da jotzailea, baina bai oso abila aurrean. Guri dagokigunez, Rober Uriarte oso ondo dabil. Ni nire mailatik behera nabil, baina eraman eta eraman egiten dut, eta lanean oinarrituko dut nire errendimendua”.
Baina aurretik Bigarren Mailako finala jokatuko da, eta bertan Asier Aspuru abadiñarrak jokatuko du Liher Gandiagagaz; Iker Gordon eta Joseba Bilbao izango dituzte aurrez aurre.
Azken urteetan ohikoa den moduan, Ipar Euskal Herriko hainbat pilotarik parte hartu dute San Blas Sarian. Modalitateko onenetakoak etorri izan dira, eta Hego Euskal Herriko eta, batez ere, Durangaldeko pilotariek erakutsi izan dute, gaur egun, Ipar Euskal Herrian adinako maila dagoela hemen. “Gaur egun, buruz buru Ipar Euskal Herriko edonor Mikel (Gonzalez), Rober (Uriarte) edo nire kontra ipiniz gero, nik gure aldeko apustua egingo nuke”, adierazi du Antxiak. Alegia, Durangaldeak trinketean punta-puntan jokatzeko kalitatea duten pilotariak ditu gaur egun.
Gaurko finalaren ostean, datorren barikuan, Bizkaiko Txapelketakoan sartzen saiatuko dira Uriarte eta Antxia. Iker Gordon eta Inhar Ugarte izango dituzte kontrario, eta irabazteko partidua dela uste du Antxiak, normalean irabazten dieten bikotea delako, baina “hori kantxan erakutsi beharra dago”. Bizkaiko Txapelketako bigarren finalerdian Mikel Gonzalez berriztarrak ere jokatuko du; Liher Gandiaga eta biek Ekhi Ziarrusta eta Iker Etxebarriaren aurka jokatuko dute.