Emozioz betetako partidu gogor eta luze baten ostean, Larretxeak eta Lazkanok jantzi zuten txapela Waltary eta Ugarte 40-39 menderatuta.
Tornosolo trinketeko harmailak goraino bete ziren San Blas Sariko finala ikusteko. Ipar Euskal Herriko bikoteak, Olivier Larretxeak eta Vincent Lazkanok, ofizioa ondo ikasita dutela erakutsi zuten hasiera-hasieratik. Bietako batak ere ez du partidua hausteko Waltary-ren ahalik, baina bikain ulertzen dute trinketeko jokoa eta abilak dira sarea bilatzen. Beti ondo kokatuta, aurkariak tantoa egitera behartzen dituzte, eurek ez zutelako apenas pilotarik galtzen.
Agusti Waltaryk eta Inhar Ugartek, aldiz, gorabeherak izan zituzten euren errendimenduan. Ugarte galtzaile hasi zen. Ondoren, apurka-apurka, gora egin zuen eta maila onean eta pare bat tanto baliotsu eginez amaitu zuen partidua. Waltary hotz hasi zen, jokoan gutxi sartuz. Partidu erditik aurrera bikoteko erantzukizuna hartzea erabaki eta orduan etorri ziren kubatarraren tantorik txalotuenak.
Larretxea eta Lazkano markagailuan aurretik joan ziren ia partidu osoan (10-2 / 27-16 / 28-20). Ez zuen ematen sorpresarik egon zitekeenik, baina Waltaryk eta Ugartek asmatu egin zuten partiduaren bigarren erdian. Waltary-ren sakea eta bolea posturako kolpe zital hori baliatuz, markagailuan aurretik jartzea ere lortu zuten (34-36). Tanto borrokatu batzuen ondoren, 39-39 berdindu zuten. Azkenengo tantoan emozioa izan zen nagusi. Lazkanok pilota bat errebotetik eraman eta eskuin horman hamar zentimetrogatik ez zen gora joan; ondoren, aurreko horma jo eta sarean sartu zen pilota. Partiduak aurrera ateratzeko behar izaten den zortetxoa Ipar Euskal Herriko pilotariek izan zuten atzo.