San Blas egunean eta Tornosolo trinketera batu ziren zaleen animoek lagunduta, Rober Uriartek eta Ander Antxiak osatutako bikote abadiñarrak San Blas Sariko finalera sailkatzea lortu zuten. Partidu gogor batean 40-33 nagusitu zitzaizkien Ipar Euskal Herriko Bixente Lazkanok eta Peio Larraldek osatutako bikoteari. Partidu erdira arte oreka izan zen nagusi: 21-21. Lazkanok iaz txapela jantzi zuen Olivier Larretxeagaz bikotea osatuz, eta aurten garaipen hura berritzeko gogoz zegoela erakutsi zuen. Baina partidu erditik aurrera, Abadiñoko bikoteak partidua apurtu zuen: 32-23. Handik amaierara aldeari eutsi zioten finalerako txartela segurtatuz.
Barikuan jokatutako lehen finalaurrekoan, Iparraldeko aurrelari handienetakoa den Sebastián Sorhuet pilotariak lehenengoz jokatu zuen Abadiñoko trinketean eta Inhar Ugarte atzelariak eta biek 40-35 kanporatu zituzten Mikel Gonzalez berriztarra eta Liher Gandiaga. Gandiagak Amulet ordezkatu zuen atzelari lez. Izan ere, partiduko lehen tantoan lesionatu egin zen Amulet. Oro har, parekotasuna izan zen nagusi partidu osoan zehar eta galdu arren, bai Gonzalez eta bai Gandiaga, maila oso onean aritu ziren.
Beraz, San Blas Sariko lehen mailako finala Uriarte-Antxia eta Sorhuet-Ugarte bikoteek jokatuko dute. Barikuan, 18:30ean jokatuko da finala Abadiñoko Tornosolo trinketean.