Ohi bezala, sariketako irabazleek garaikurrak otsailaren 10ean jasoko dituzten arren, diru-sariak ez dituzte dopin kontrolen emaitzak jakin aurretik banatuko. Bizkaiko Aldundiak burutzen dizkie proba horietan animaliei dopin kontrolak, eta horiek eskuartean eduki arte, Abadiñoko Udalak jakinarazi du ez dutela diru-saririk banatuko.
Jose Luis Navarro alkateak azpimarratu du, San Blasetako idi-probak Euskal Herriko idi-dema garrantzitsuenetarikoak izaki, arauek argi egon behar dutela: "Dopatzen denak ezin du Abadiñoko idi-probetan irabazi. Badakigu lehiakide gehienek ez dutela dopinik erabiltzen, baina nahikoa da idi-buztarri bakar batek dopina agertzea gainerako lehiakide guztiak kaltetzeko".
Aurtengo idi-probetan, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat herritako 27 idi-pare lehiatuko dira. Otsailaren 3an, San Blas egunean hasiko da sariketa, eta 10ean banatuko dituzte garaikurrak. Guztira 15.125 euro banatuko dituzte San Blasetako idi-proba hauetan.