Elkarrizketaren unean 89 urte zituen eta gaztetako pasarteak aurreko egunean gertatu balira moduan gogoratzen dituen. SDAmorebieta izan zen bere lehenengotako taldea: "Zenbat partidu jokatuko nituen, ba, Amorebietagaz? Hamabi bat", gogoratu zuen Cedrunek. Ostean, Athleticek fitxatu zuen. Klub zornotzarrak bere webgunean kontatzen duenez, Jose Maria Gonzalez 'Sema' orduko Amorebietako presidenteak trenez Bilboraino lagundu zion Cedruni Athleticekin kontratua sinatzera, eta sinatzeko erabilitako idazluma bizitza osoan gorde zuen oroigarri moduan.
2002an Urritxe futbol zelai berria inauguratu zutenean, Athleticen eta Real Racingen arteko partidaren atarian ohorezko sakea egin zuen Cedrunek.

Carmelo Cedrun SD Amorebieta taldearekin; goiko ilaran, ezkerretik hasita hirugarrena. (Argazkia: sdamorebieta.eus)
Telmo Zarrak "onena zara", esaten zion
Cedrun Athleticera batu zenean Zarra, Panizo eta Gainza lako izenekin partekatu zuen aldagela. Halako izarrak lehenengoz ikustean "ikara" sentitu zuela zioen, baina asko lagundu ziotela: "Telmo Zarrak asko estimatzen ninduen. San Mamesera irten aurretik, tunelean, “onena zara” eta antzerakoak esaten zizkidan. Orduan, Jose Iraragorri zen entrenatzailea, eta hark ere animatzen ninduen: “Begira, hemen izar asko daude, baina zeu zara onena! Eurak baino gehiago emateko kapaz zara!”. Nik barretxo bategaz erantzuten nion, baina ezin dut berbekin adierazi hori entzuteak zelako segurtasuna, lasaitasuna eta motibazioa ematen zizkidan", gogoratu zuen.
'11 baserritarren liga'
Athleticekin irabazitako tituluen artean, 1958ko Kopa zuen kuttunenetakoa. Athleticek Real Madril menderatu zuen Chamartinen, eta garaipen hura '11 baserritarren Kopa' izenez egin zen ezagun. Garaikurra jasotzera igo zirenean gertatutako anekdota ederto asko gogoratzen zuen: "Gogoan dut amaieran, garaikurra jasotzera igo ginenean, zelan esan zion Francori ondoan zeukan batek: “Berriro ere euskaldun hauek irabazi behar! Kasuen!”. Eta hori entzutean, Piru Gainzak esan zion: “Txapeldunak gara eta datorren urtean ere izango gara”. Garbi–garbi entzun nuen, bere atzean nindoan eta".
Hotzari aurre egiteko… whiski apur bat
Europako Kopan Manchester Uniteden aurka San Mames elurtuan jokatutako partidua ere biziko gogoan zuen. Athleticek 5-3 irabazi zuen. Jokoa une batez eten zutenean, entrenatzailearen aginduz whiski kopa bat eraman ziotela kontatu zuen Cedrunek, hotzari aurre egiteko. "Itzelean berotu ninduen!", gogoratu zuen umoretsu.
Elkarrizketan bere ibilbideko beste hamaiko gomuta eta pasarte kontatzen ditu atezain mitikoak eta LOTURA HONETAN irakurri daitezke.

Athletic Club eta Manchester United taldeak San Mames elurtura zelairatzen. Cedrun eskumako ilaran dago, beltzez jantzita. (Argazkia: Athletic Club agiritegia)