“Bilbon egiten zizkiguten harrerak gogoratzen ditut. Zenbat jende! Ordu bi Atxuritik udaletxera”

Joseba Derteano 2019ko mai. 10a, 09:00
Argazkia: Lehior Elorriaga

Euskaldunak autentikoak ote diren deskubritu gura dute ETB 1en oraintsu estreinatu den saio berrian. Bada, Carmelo Cedrún gonbidatzen badute, duda guztiak uxatuko dituzte. Autentiko berbaren definizioa da Athletic Club-eko atezain ohi mitikoa. Ez da gauzak aditzera ematekoa; pentsatzen duena esaten du. Bere ibilbide oparo eta arrakastatsuko pasarteak, oso bitxiak zenbait kasutan, atzo gertatu balira moduan gogoratzen eta kontatzen ditu. Kontatu beharrean deklamatu egiten dituela esatea zehatzagoa da. Barrutik bor-bor irteten zaizkio. Biografia mamitsu baterako materiala du gordeta 89 urteko zornotzarrak. 

Umetatik izan zenuen futbolerako joera?
Baserri bat geneukan eta etxaurrean askotan ibiltzen ginen futbolean, baloiari ostikoak eman eta eman. Umetatik izan dut futbolerako joera. Gero, koskortu nintzenean, Jesuitetan itzelezko torneoak egiten zituzten eta haietan jokatzen nuen.

Zure lehenengotako taldea Amorebieta futbol kluba izan zen.
Athleticek utzita joan nintzen hara. Kazetariek niri buruz idazten zuten. Bazegoela oso indartsu zetorren gazte bat eta antzerakoak idazten zituzten. Zenbat partidu jokatuko nituen, ba, Amorebietagaz? Hamabi bat. Horren ostean, Athleticek berriro eraman ninduen Lezamara. 

Zer sentitu zenuen aldageletara sartu eta Zarra, Panizo, Gainza eta enparauak lehenengoz ikusi zenituen unean?
Ikara! Ni horrelako jokalarien artean egotea itzela zen eta errespetua eragiten zidan. Baina asko lagundu zidaten den-denek, hasieratik. Telmo Zarrak asko estimatzen ninduen. San Mamesera irten aurretik, tunelean, “onena zara” eta antzerakoak esaten zizkidan. Orduan, Jose Iraragorri zen entrenatzailea, eta hark ere animatzen ninduen: “Begira, hemen izar asko daude,  baina zeu zara onena! Eurak baino gehiago emateko kapaz zara!”. Nik barretxo bategaz erantzuten nion, baina ezin dut berbekin adierazi hori entzuteak zelako segurtasuna, lasaitasuna eta motibazioa ematen zizkidan. Badakizu zelako jokalariak zeuden talde hartan, ala? Orduko onenak ziren gero! 

Jokalari moduan, zein gustatzen zitzaizun gehien?
Denak, baina Zarrak partidu asko irabazten zituen. “Bota niri baloia”, eskatzen zuen partiduetan. Fenomeno bat zen. 

Orduan, Raimundo Perez Lezamak hamarkada bat zeraman Athleticen atea zaintzen. Beste mito bat zen. Zu heldu zinenean arrisku moduan ikusi zintuen ala ondo konpontzen zineten?
Lezamak esaten zidan: “Postua kenduko didazu!”. Eta ni, ba, imajinatu, 16 urtegaz, zer esan ez nekiela. 

Beraz, sumatzen zuen zerbait?
Entrenamenduan lehenengoz ikusi ninduenetik ohartu zen.  

1951ko apirilean, Athletic eta Sevillaren arteko partidu batean debutatu zenuen. 3-0 irabazi zenuten. 
Penalti bat geratu nuen! Eta atea hutsean mantendu nuen. Ezin nuen gehiago eskatu. Partiduaren aurretik Iraragorrik esan zidan: “Irten zelaira eta erakutsi onena zarela!”. Eta, egia esanda, pentsatzen nuena baino lasaiago zelairatu nintzen.

Athleticen titular ukaezina zinen sasoian, izan zenuen eskaintzarik klubetik irteteko?
Zenbat taldetatik deitu ote zuten nire etxera! Real Madriletik ere bai, ze Di Stefanok bere taldean gura ninduen. “Ekarri ezazue baserritar hori!”, esaten omen zion klubeko presidenteari. Baina etxean aitak eta amak “Athleticen bakarrik!” esaten zidaten. Gainera, Athletic ondo portatzen zen nigaz.

Athleticen belaunaldi mitiko bi ezagutu zenituen. Zarra, Panizo eta besteak joan zirenean, Arieta, Uribe, Garay… etorri ziren. Bigarren belaunaldi hura ere arrakastatsua izan zen.
Arieta aurrelariak ez zuen Zarraren famarik izan, baina bikaina izan zen. Atearen aurrean pozoina zuen. Jende ona etorri zen, egia esanda. Haiek ere epoka bat markatu zuten. Aurreko belaunalditik Gainzak jarraitu zuen beste urte batzuetan. 

Bigarren belaunaldi hark, esaterako, Kopa bat irabazi zion Real Madrili, non eta euren etxean, orduan Chamartin deitutakoan. ’11 baserritarren Kopa’ izenagaz ezagutzen dena. 
Bai, 2-0 irabazi genien. Batzuei ez zitzaien asko gustatu. Gogoan dut amaieran, garaikurra jasotzera igo ginenean, zelan esan zion Francori ondoan zeukan batek: “Berriro ere euskaldun hauek irabazi behar! Kasuen!”. Eta hori entzutean, Piru Gainzak esan zion: “Txapeldunak gara eta datorren urtean ere izango gara”. Garbi–garbi entzun nuen, bere atzean nindoan eta. 

Athletic Club museoaren agiritegia
Argazkia: Athletic Club museoaren agiritegia.

Eta 1955-1956 denboraldian, biak irabazi zenituzten, Liga eta Kopa. Zer gogoratzen duzu denboraldi hartatik?

Bilbon egiten zizkiguten harrerak gogoratzen ditut. Zenbat jende! Autobusean, Atxuritik udaletxeraino ordu bi behar izan genituen. Edo gehiago. Une horiek ez ditut sekula ere ahaztuko.

Beste partidu mitiko bat. Europako Kopan Manchesterren kontra jokatu zenuena, San Mames elurragaz zuri-zuri zegoela. 5-3 irabazi zenuten. Zaleak zutik eta txaloka agurtu zintuztela irakurri dut.
Bai, zer izan zen hura! Partidu ederra jokatu genuen eta betiko geratuko da hor. Dena elurtuta zegoen eta hotz ikaragarria egiten zuen. Une batez, jokoa geratu egin zuten, lurrean zegoen jokalari bat artatzeko. Une horretan, kopa bat whiski ekarri zidaten, entrenatzailearen aginduz. Itzelean berotu ninduen!



Argazkia: Athletic Club museoaren agiritegia.

Mundu honetan ezer ez da betiko, eta zuk Lezama aulkira bidali zenuen moduan Jose Angel Iribarrek zu bidali zintuen. Ikusten zen hain ona zela?
Iribar heldu zenerako, erabakita neukan joatea. Pertsona oso aberatsa jarri zuten presidente Espanyol taldean, eta izar asko eraman zituen. Ni ere hara joan nintzen. Hala ere, agerian zegoen Iribar oso ona zela, bai. 

Espanyolera joan zinenean, Di Stefano ere hantxe zebilen. Zer esan zizun ‘11 baserritarren kopa’ irabazi zenietelako?
(Barrez) Denetarik. Baina ez horregatik bakarrik. Final horren aurretik, Ligan, ederra egin nion. Chamartinen husna gindoazen eta 92. minutuan epaileak gure kontrako penaltia adierazi zuen. Di Stefanok bota behar zuen. “Ez bota, Alfredo”, esan nion. “Sentitzen dut, baina geratu egingo dizut”. Berak ere denetarik esan zidan. Bota zuen, eta itzelezko geldiketa! Kornerrera bidali nuen. Liga berean Kubalari beste bat geratu nion, Bartzelonaren kontra. Horrelako kontuak gogoratzen genituen Espanyolen. Ondo konpontzen nintzen Di Stefanogaz. Batzuetan elkarregaz joaten ginen hondartzara. Nik sekula ere ez dut bera baino jokalari hoberik ikusi. Messi, Maradona eta Pele baino hobea izan da. 

Penaltiak geratzen abila zinen. Zelan asmatzen zenuen zein aldera botako zuten?
Penaltiak asko entrenatzen nituen. Orduak eta orduak. Jokalaria non kokatzen zen begiratu eta horren arabera igartzen nuen.

Espanyolen lau urte eman eta Estatu Batuetara joan zinen. Zelan sortu zitzaizun hara joateko aukera?
Baltimore Bays deitzen zen taldea. Espanyoleko presidenteak taldea utzi behar zuen eta haren bitartez lortu nuen Estatu Batuetara joatea. Atleta batzuk ziren, baina ondo moldatu nintzen. Neu nintzen euskaldun bakarra. Ez nekien ingelesez, baina moldatzeko adina ikasi nuen. Bi-hiru urte eman nituen han. Okerrena hegazkina hartu beharra zen. Nerbioso jartzen nintzen. Jausi egingo zela pentsatzen nuen. Horregatik bueltatu nintzen bi-hiru urte egin ostean. 

Hegazkinak ez zaizkizu gustatzen.
Ez. Behin Ligako partidu bat jokatu behar genuen Espainia hegoaldean, baina autobusa hondatu egin zen. Hegazkina hartu behar. Azkenean, ez dakit zelan, konpondu zuten autobusa, eta hantxe joan ginen. Eta hartu behar genuen hegazkin hori jausi egin zen! Ia denak hil ziren. Athleticeko jokalari bat hil zen eta bere emaztea ere bai. Zenbat gauza bizi izan ditudan bizitza honetan!

Iñaki Williamsek 115 partidu segidan jokatu ditu Athleticen. Errekorra zeuk daukazu, 132 partidugaz. 1952tik 1957ra artean izan zen hori. 
Orduan gaixotu ere ez ginen egiten eta! Inoiz ere ez nuen lesio bat izan.

Pena emango lizuke Williamsek zure errekorra gainditzeak?
Ez. Gura nuke nire marka pasatuko balu. Beharbada horrek esan gurako luke Athleticek txapelketaren bat irabazi duela. Egia esan, horixe da nire ilusioa! 

Zure gaineko biografia bat idatziko balute, zein izenburu jartzea gustatuko litzaizuke?
[Pentsatzen geratu da]. Beharbada hauxe: 'Espero zena sobera kunplitu zuen atezaina'.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!