SD Amorebietarentzat urte gazi-gozoa izaten ari da. Mendeurreneko ospakizunetan murgilduta, lehen taldea Bigarren RFEF Mailara jaitsi da. Klubak joan zen astean iragarri zuen Natxo Gonzalezek ez zuela entrenatzaile karguan jarraituko eta gaur bere ordezkoaren berri eman du: Aitor Zulaika Aranguren (Azpeitia, 1978).
Urdinen entrenatzaile berriak eskarmentu handia du aulkietan. Azken bi denboraldietan Real Sporting de Gijoneko bigarren taldea zuzendu du eta aurretik honako talde hauetan aritu da entrenatzaile gisa: Lagun Onak taldean, Bigarren B Mailara igotzeko faserako sailkatu zela; Real Union-en, Federazio Kopa irabazi eta Bigarren Mailara igotzeko playoffak jokatu zituela; eta Real Sociedad B taldean, non Imanol Alguacil edo Xabi Alonso bezalako entrenatzaileen laguntzaile bezala aritu zen.
Zulaikaren aurkezpen ofiziala “datozen egunetan” egingo dutela azaldu du klubak ohar batean.