Natxo Gonzalezek ez du jarraituko SD Amorebietaren entrenatzaile karguan

Anboto 2025ko eka. 4a, 10:58

Klubak "eskerrak" eman nahi dizkio Gonzalezi urdinen entrenatzaile izan den bitartean erakutsitako "profesionaltasunagatik".

Amorebieta futbol klubak sare sozialetan jakinarazi duenez, Natxo Gonzalezek (Gasteiz, 1966) ez du jarraituko lehen taldeko entrenatzaile datorren denboraldian. Teknikari gasteiztarra joan den azaroan heldu zen Urritxera. Taldea sailkapeneko azkeneko tokian hartu zuen eta ez du lortu mailari eustea. Hala ere, klubak Gonzalezek egindako lana goraipatu du. "Bera aulkian egon den denboran lortutako zenbakiak mantentze-mailakoak izan dira".

"SDAk eskerrak eman nahi dizkio Natxori hilabete hauetan urdinen entrenatzaile izan den bitartean erakutsitako profesionaltasunagatik, gizatasunagatik eta dedikazioagatik, eta zorterik onena opa diogu etorkizunerako, bai kirol arloan bai arlo pertsonalean", adierazi dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!