Iker Trigok (Zornotza, 2001) proba kuttuna du Nafarroako Itzulia. Halaxe erakusten dute behintzat bere emaitzek. Iaz bigarren tokian amaitu zuen afizionatuetan entzute handia duen lasterketa, orduan Laboral Kutxa taldearekin. Aurten, Vigo-Rías Baixas taldearekin, seigarren amaitu du. Gertu geratu zaio podiumeko hirugarren postua, bederatzi segundora bakarrik.
Lehenengo bi etapetan onenen taldean aritu zen. Bero handiak markatu zituen etapa horiek. Hirugarrenean, denetan gogorrenean, bederatzigarren helmugaratu zen eta sailkapenean gora egin zuen. Azken etapan eginahalak egin zituen aurrekoei segundoak urratzeko, baina azkenean seigarren amaitu zuen sailkapen nagusian.
Trigo pozik dago egindako lanarekin. "Sentsazio onak izan ditut. Oraindik nire mailarik altuenean ez nagoela kontuan hartuta pozik nago seigarren postuagaz", adierazi du.