Iker Trigo Vigo-Rías Baixas taldera batu da, profesionaletara igotzeko azken aukeraren bila

Anboto 2025ko urt. 11a, 10:20

Galiziako taldean profesionaletara heltzeko ametsa errealitate bihurtzeko lan egingo du. 23 urtegaz, badaki aurtengoa bere azken aukera izan daitekeela.

Iker Trigo Laboral Kutxan taldean —Euskaltel Euskadiren filiala— aritu zen iaz eta hainbat postu azpimarragarri lortu zituen. Esaterako, bigarren amaitu zuen Nafarroako Itzulia eta lehen euskalduna izan zen Balentziagaren oroimenezko lasterketan. Horiek horrela, Euskaltel-Euskadira igotzeko esperantza zuen, edo gutxienez, lasterketa batzuetan eurekin aritzekoa. Baina ez zen horrelakorik gertatu. "Ez zegoela lekurik esan zidaten", gogoratu du. Ez hori bakarrik. "Laboral Kutxan ere ez zutela nirekin kontatzen esan zidaten". Hasieran kolpe "gogorra" izan zela onartu du, baina berehala altxatu zuen burua. "Egoera zailek motibatu egiten naute, barruan dudana erakusteko gogoz nago. Iaz egindako urtearekin profesionaletan aritzeko balio dudala uste dut. Beste urte batez probatu gura nuen", adierazi du.

Vigo-Rías Baixas taldean aurkitu du beste urtebetez lehian jarraitzeko aukera. Talde berriagaz "pozik" dago, Espainiako Kopan nahiz beste hainbat lasterketetan aritzeko aukera izango duelako. Horrez gainera, iaz baino egutegi malguagoarekin, denbora gehiago izango du hitzordu inportanteenak ondo prestatzeko.

Aurtengoa profesionaletara igotzeko azkenengo saiakera ote da? "Ikusi egin behar, baina, printzipioz bai, aurtengoa azkenengo saiakera izango da. Bizitzan beste gauza batzuk ere egin gura ditut", onartu du eskalatzaile zornotzarrak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!