Zornotzako lau eta erdiko Master Kaiola pilota txapelketaren X. aldia aurkeztu dute gaur eta hainbat berritasun ditu. Batetik, adin muga kendu dute gizonetan nahiz emakumeetan. Afizionatuetako pilotari denek parte hartu dezakete, eta ez 23 urtez azpikoek bakarrik. Atea irekitzeak "maila handiagoa ematen dio txapelketari", arrazoitu du txapelketako antolatzaileetakoa den Gorka Otaduyk gaurko prentsaurrekoan.
Aldaketa horri esker Xabier Rekalde dimoztarrak iaz irabazitako txapela defendatuko du aurten eta afizionatuetan izen handia duten Oier Ormaetxek eta Gaizka Karregalek txapelketan parte hartuko dute.
Bestetik, orain arte pilotariak gonbidapen bidez etortzen ziren. Aurten, izen-emate irekia egin dute. Hasieran "beldur apur bat" zuten onenak ez ote ziren apuntatuko, baina epea ireki orduko "Master Kaiola afizionatu mailako egutegian errotuta dagoela konturatu gara". Alegia, interes handia piztu du. "Hau honela bada hasieran Kepa Arroitajauregik eta gero Ekhi Ziarrustak egindako lan oso onari esker da", onartu du Otaduyk.
Partiduak zapatu arratsaldetan eta domekan goizetan
Partiduen egunak aldatu egin dituztela da beste nobedade bat. Orain arte, bariku iluntzeetan eta domeka arratsaldetan jokatzen ziren. Aurten zapatu arratsaldetan eta domeka goizetan jokatuko dituzte, frontoira jende gehiago erakarri nahian.
Txapelketako datuak
Emakumeetan maila bat egongo da zortzi pilotarirekin. Gizonetan bi maila daude, gazteak eta nagusiak, bakoitza 32 pilotarirekin. Tartean, eskualdeko pilotariak daude, hala nola, Aingeru Bernaola mañariarra, Faben Ituarte atxondarra eta Luken Atutxa elorriarra.
Faboritoen zerrenda luzea da eta txapelak garesti daude: Rekalde, Ormaetxe, Karregal, Fernandez, Amiano… Duen mailagatik Zubizarreta ere faboritoen artean sartzekoa da, belauneko lesio luze batetik datorren arren. Gazte-gazteak ere nabarmendu daitezke; esaterako, promesa handietako bat den Oihan Etxeberria. 18 urteko oiartzuarra izango ote da kapaz 'beterano' ilustreak mendean hartzeko? Eta adi Xabier Apaolazak egin dezakeenari ere. Iaz sorpresa eman zuen lehen errondan hasi eta finalera helduta. Aurten errepikatu ote dezake balentria hori?
Galderen erantzunak apirilaren 11tik aurrera hasiko dira argitzen, orduan jokatuko baita lehenengo jardunaldia. Finalerdiak ekainaren 14an izango dira eta finalak 21ean.
Sariei dagokienez, nagusien mailako txapeldunek 700 euro eskuratuko dituzte eta gazte mailakoek 400 euro.