Gamindek, Ibarluzeak eta Rekaldek jantzi dituzte Master Kaiolako txapelak

Anboto 2024ko eka. 3a, 10:26

Master Kaiolako txapeldun eta finalistak sari banaketan.

Bizkaian geratu dira txapel bi eta hirugarrena Gipuzkoara joan da.

Master Kaiola txapelketako 9. aldiko finalak jokatu zituzten zapatuan, Zornotzako Amorebieta IV pilotalekuan. Emakumeetan Enara Gaminde geratu zen txapeldun; gazteetan, Oier Ibarluzea, eta, 22 urtez azpikoan, Xabi Rekalde.

Emakumeen finalean Enara Gamindek (Lea Ibarra) 22-1 irabazi zion Goiuri Zabaletari (Aurrera Leiza). Esan barik doa Zabaletak ez zuela bere maila eman inondik inora.

Gazteetan Oier Ibarluzeak (Lapke) 22-10 menderatu zuen Mikel Leonet (Oiarpe). Ibarluzea aurretik ibili zen hasieratik eta 11-9koaren ostean ia zuzenean joan zen 22ra. Ibarluzea sendo aritu zen eta Leonetek komeni baino pilota gehiago galdu zituen.

22 urtez azpikoan Xabi Rekaldek (Txumulutxueta) 22-16 irabazi zion Xabi Apaolazari (Hernani). Finalik parekatuenean biek izan zituzten irabazteko aukerak. Apaolaza aurretik joan zen partiduko zati batean, baina Rekalde fisikoki osoago heldu azken txanpara eta finalari buelta eman zion.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!