Javier Garcia Panizok Zornotza Saskibaloi Taldeko entrenatzaile izateari utzi zion atzo. Egun bat geroago bere ordezkoa nor izango den jakinarazi dute klubetik. Iñigo Nuñez da hautatua, otsailera arte Ciudad de Huelva taldea entrenatu duen santurtziarra.
"Teknikari gisa zuen talentuagatik, lehiaketaren ezagutza bikainagatik eta epe laburrean errendimendua eskaintzeko duen gaitasunagatik bera zen klubeko lehen aukera", adierazi dute klubetik.
Azken bi denboraldietan, Ciudad de Huelva taldean aritu da, otsail hasieran taldea utzi zuen arte. Urte bietan "emaitza bikainak" lortu ditu, klubetik jakinarazi dutenez. "Taldea hirugarren tokian utzi zuen, bederatzi partidu irabazita".
Liga amaitzeko zazpi jardunaldi falta direnean, Teknei Zornotza Zilarrezko LEB Mailako azkeneko tokian sailkatuta dago. Beraz, argi dago entrenatzaile berriaren helburua zein den: mailari eustea.