Zornotzako Matrailu gaztetxea "huste arriskuan" dagoela ohartarazi dute bertako gazteek: "epaiketa biren ondoren, eraikina husteko dataren zain gaude", azaldu diote ANBOTOri. Hori dela eta, "eraikina husteak ekar ditzakeen kostu errepresiboei aurre egingo dien erresistentzia kutxa hornitzeko helburuz", zapatu honetan bertan elkartasun jaialdia antolatu dute langileen kontrolpeko espazioen sarearekin, Defentsa Komunitatearekin, batera.
Jaialdia hasteko, 17:00etan, horma irudi bat egingo dute gaztetxean. Gero, 19:00etan, mahainguru bat egingo dute okupazio mugimenduaren kontrako askotariko "ofentsibak" aletuta. Beste hainbat gaztetxetako kideak batuko dira bertan. Azkenik, hausnarketa saioa amaituta, kontzertuen txanda izango da. Zea Mays taldeko Aiora Renteria abeslariak eta Iñaki Imaz Piti gitarra jotzaileak kontzertu akustikoa eskainiko ditu. Horien ondoren, Mutiko eta Sirius taldeak taularatuko da. Gaualdia DJ Jonkass musika jartzaile zornotzarrak zarratuko du.
"Erasoak"
Gaztetxeko kideek adierazi dutenez, Matrailu "prozesu itogarri" baten eraginez dago "husteko arriskuan", eta "eraikinaren jabea eta hari presionatzen ibili den udal gobernua" egin dituzte egoera horren "erantzule zuzen". Besteak beste, "propaganda politiko oro kaleetatik kentzea", kale erabileraren ordenantza berria eta gaztetxearen proiektu politikoa "ekonomikoki hornitzeko bideak moztea" aipatu dituzte jasandako "erasoen" artean.