Zornotzak kiroldegi berria izango du laster: Urgozo. Azpiegitura eraikitzeko lanak gaur bertan hasi dituzte, eta aurreikuspenen arabera, obrak 20 hilabeteren buruan egongo dira amaituta. Zornotzako Udalak azaldu duenez, "erreferentziazko zentroa" izango da "kirola eta estalpeko jarduerak" egitea ahalbidetuko duena. Alde horretatik, gune berria herriko kirol klubei eta ikastetxeei zuzenduta egongo da, baina "ekitaldi kultural eta sozioekonomikoak" egitea ere ahalbidetuko du, hala nola, "kontzertuak eta azokak".
Kiroldegi berriak 3.574 metro karratuko ekipamendua izango du eta 1.000 pertsonentzako lekua eskainiko dute saskibaloi kantxako harmailek. Obrak 6.504.503 euroko aurrekontua dute.
EH BIlduren helegitea, bertan behera
Aurtengo martxoan, Zornotzako EH Bilduk helegitea ipini zuen proiektuaren kontra, "ustezko irregulartasunak" zirela eta. Koalizio subiranistaren arabera, udalak Kontratuen Legea "urratu" zuen, azpiegitura egiteko kontratua "zatitu" zuela iritzita. Uztailean, baina, Euskadiko Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak (KEAO) ezetsi egin zuen EH Bilduren helegitea. Zornotzako gobernu taldeak adierazi du koalizio subiranistaren errekurtsoak "obrak hilabeteetan atzeratzeko bakarrik" balio izan duela.