Ezetsi egin dute Zornotzako Urgozo kiroldegi berria eraikitzeko proiektuari EH Bilduk aurkeztutako helegitea

Anboto 2023ko uzt. 21a, 18:59

Euskadiko Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak (KEAO) helegitea ebatzi ondoren, irailean hasiko dira Urgozo kiroldegia eraikitzen, udalak jakin eragin duenez. Hala ere, EH Bilduk argitu du "prozeduraren irizpide kontuengatik" ezetsi dutela errekurtsoa.

Joan zen martxoan, Zornotzako Udaleko EH Bilduko bi zinegotzik Urgozo kiroldegi berria eraikitzeko proiektuari aurkeztutako errekurtsoa ezetsi du Euskadiko Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak (KEAO). Orduan, udalak garatutako prozesuaren kudeaketa babestuz. Bada, apirilean hasteko ziren eraikuntza obrak irailaren amaieran hastea aurreikusi du udalak.

Udalbatzak onartutako Urgozo kiroldegi berria eraikitzeko obraren esleipen-egintzaren aurka jarritako errekurtsoak obrak sei hilabete atzeratu dituela gogoratu du gobernu taldeak, ohar baten bitartez. Era berean, "udalaren kudeaketa (politikoa eta teknikoa) goraipatu" du, eta EH Bilduk aurkeztutako helegiteak "obrak atzeratzeko bakarrik" balio izana deitoratu. 

Gobenu Taldea pozik agertu da, eraikuntza-lanek bere bidea jarraitu ahal izango dutelako. Gogorarazi duenez, "proiektuak urrats administratibo eta teknikoen prozesu luzea dakar berekin, eta urrats horiek guztiak zorrotz bete dira".

EH Bildu: "Ez da argitu kontratua zatitu ote zen"

EH Bilduk, bestalde, argitu gura izan du Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak ez duela baloratu Urgozoren kontratua zatikatu den. "Prozedura irizpide kontuengatik ezetsi dute helegitea,  Azaroan aurkeztu behar zela argudiatua. Hala ere, ez du argitu kontratua zatitu ote zen, EH Bilduk adierazi bezala", argitu dutenez.

Udal kudeatzaileek kontratua zatikatzean ez dutela legea bete eritzita aurkeztu zuen errekurtsoa kualizioa subiranistak, eta berretsi du ustezko zatiketa bat egon dela uste duela. "Besteak beste, obra 6.500.000 eurotan (BEZ barne) lizitatu delako, kantxa, harmailak, saskiak, altzariak, urbanizazioa eta abar kontuan hartu gabe. Gainera, nahita zatikatu da, erregulazio harmonizatuko kontratuek eskatzen duten nahitaezko publizitatea saihesteko, bai eta egikaritze-proiektua eragin zuten pleguak ez betetzeagatik ere", gogoratu dutenez.  "Horregatik, ebazpena arretaz aztertu ondoren, jarraitu beharreko bidea baloratuko dugu", diote.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!