Zornotzako Urgozo kiroldegia eraikitzeko lanek bira berri bat izan dute asteon. Atzo, Udalak jakinarazi zuen EH Bilduk helegite bat ipini diola kiroldegi berria eraikitzeko obra kontratuari. Gaur, berriz, koalizio subiranistak, helegite hori ipintzeko oinarriak zeintzuk izan diren azaldu du ohar bidez. EH Bilduk azaldu du "ustezko irregulartasunak" direla eta ipini duela helegitea. Euren esanetan, "Udal Gobernuak egitasmoaren kontratua zatitu" du, proiektua "berez dagokion prozedura publikoa egin gabe esleitu ahal izateko". Koalizioak egindako interpretazioaren arabera, Udal Gobernu taldeak Kontratuen Legea "urratu" du. "6.500.000 eurotan esleitu dute obra, kantxak, gradak, kanastak, altzariak, urbanizazioa eta beste hainbat elementu proiektuaren baitan sartu gabe", azaldu dute oharrean.
EH Bilduk gaineratu du obrak ez direla atzeratuko helegiteagatik. "Lanak atzeratzen badira, Kontratuen Inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak halantxik ebatzi duelako" izango dela diote. Era berean, udal teknikarien lana eta profesionaltasuna ez dutela zalantzan inoiz ipini adierazi dute. "Haien lana eta profesionaltasuna zalantzan jarri dugula esatea zikina eta zitala da", leporatu dio EH Bilduk gobernu taldeari.