Otsaileko osoko bilkuran, Zornotzako udalbatzak argi berdea eman zion Urgozo kiroldegia eraikitzeko obrari, baina lanak "atzeratu" egin daitezke, udalaren berbetan, "EH Bilduko zinegotzi bik errekurtso berezia" aurkeztu dutelako "epearen azken egunean". Udalaren berbetan, errekurtsoa Euskadiko Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoaren esku dago momentu honetan, ebazpen zain. Udalak gatazka "ahalik eta lasterren" ebaztea gura du, "Urgozoko obrak behin-betiko has daitezen".
Bestalde, Zornotzako Udalak adierazi du EH Bilduko zinegotzi eta bozeramaileak "aukerako berraztertze-errekurtsoa" aurkeztu duela Hiri Antolamenduko Plan Orokorrarekin (HAPO) lotutako hiru kontratu txikiren esleipenaren kontra. Zornotzako Udalak "harridura" agertu du errekurtsoekin, horrek "udal teknikarien lana eta profesionaltasuna zalantzan" ipintzen duelakoan.