Apirilaren 7an Zornotzan hasi eta amaituko den Itzuliko etapa aurkeztu dute

Anboto 2023ko mar. 10a, 14:14

Ezkerretik hasita: Aitor Silloniz Recymet Sistems-eko ordezkaria, Goretti Frias Ekin-eko arduraduna, Julian Eraso Itzulia-ko presidentea, Andoni Agirrebeitia Zornotzako alkatea eta Ruben Manzanedo SC Amorebietako presidentea.

Azkenengo kilometroetan Zornotzako auzoetatik ibiliko dira, herrigunera jaitsi aurretik.

Goi mailako txirrindularitza bueltan da Zornotzan. Apirilaren 7an herrian hasi eta amaituko da Itzuliko etapa bat eta uztailaren 3an Tourreko hirugarren etapari ekingo zaio herrigunetik. Gaur Itzuliko etapa aurkeztu dute.

Itzuliko azken aurreko etapak 166 kilometro ditu eta Arriagane industrigunetik abiatuko da; Ekin enpresaren paretik, hain zuzen. Ekin 60. urteurrena ospatzen dabil aurten eta Itzuliko babesleetako bat da. Ondoren, ibilbide gorabeheratsu batean sartuko dira txirrindulariak, zeinatan lau mendate igoko dituzten: Muniketa (3. mailakoa), Natxitua (3), Paresi (2) eta Belarrinaga (3).

Azkenengo kilometroak bereziak dira hainbat auzotatik ibiliko direlako. Amorebieta Txirrindulari Elkarteko Ruben Manzanedok tarte horren berri eman du gaurko prentsaurrekoan: "Larrabetzura heltzean hasiko da guk prestatutako zatia. Larrabetzutik San Isidrora (Zornotza) joango dira; gero, herrigunera heldu aurretik Boroarantz hartuko dute; etapa hasi den tokitik pasatu, herrigunera jaitsi, berau zeharkatu eta Eubara joango dira. Euban San Miguelerantz hartu eta Tolsan poligonora jaitsiko dira, ibilgailuen azterketa teknikoa egiten den ingurutik. Gero, Urumiñe igo eta neverara jaitsiko dira; handik Txolonera, gero autopistako zubiaren aurretik eskumatara hartu, eta, Urritxetik Epaltzara joango dira. Ondoren, berriro Autzagane igoko dute".

Autzagane gainetik gutxi faltako da helmugarako: jaitsiera, biribilgune bat eta helmuga. Baina antolatzaileentzat esangura handiko tartea da Udaberri Sariak izan ohi zuen amaiera bera delako. Orain urte gutxi bertan behera gertatu zen proba mitikoari keinu bat egin gura izan diote amaiera horrekin.

Honela laburbildu ditu Manzanedok azken kilometroak. "Nahita bilatu dugu herriko auzo askotatik pasatzea. Bide horiek oso erakargarriak direla eta oso etapa polita izango dela uste dugu". Andoni Agirrebeitia alkateak berdina errepikatu du beste berba batzuekin. "Txirrindulariei begira, momentu baten ez dute jakingo Euskal Herrian ala Belgikako klasiko baten dabiltzan. Horrek bere xarma du".

Eta datorren urtean?

'Itzulia bueltatuko ote da Zornotzara datorren urtean?' galderari honakoa erantzun dio Julian Eraso Itzuliko zuzendariak. "Ikusiko dugu, baina lehenengo pausoa emanda dago". Manzanedok honakoa gehitu du. "Guk ez dugu nahi urtebeterako bakarrik izatea. Gure nahia da etorkizunean ere Itzuliko etapa bat hartzen jarraitzea".

Zornotzako etapako profila (https://itzulia.eus).

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!