Andoni Agirrebeitia: "Tourra ikaragarria izango da Zornotzarentzat"

Anboto 2022ko urr. 28a, 10:47

Andoni Agirrebeitia Zornotzako alkatea eta Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia.

Euskal Herriak presentzia nabarmena izango du datorren urteko Tourrean, eta zer esanik ez Zornotzak. Hirugarren etapak, uztailaren 3an jokatuko denak, Zornotza eta Baiona lotuko ditu. Udalerria mundu zabalean ezagutaraziko da.

Euskal Autonomia Erkidegoko delegazio bat Parisen izan zen atzo, hango Biltzar Jauregian, Tourreko arduradunekin batera. Tartean egon zen Andoni Agirrebeitia Zornotzako alkatea. Datorren urteko Tourraren zehaztasunak eman zituzten, eta berretsi zuten Tourreko hirugarren etapa Zornotzan hasiko dela. Lasterketa uztailaren 3an jokatuko da. Ibilbidearen lehen zatia Durangaldetik igaroko da. Zornotzatik irten eta N-634 errepidetik aurrera eginda, txirrindulariek Iurreta, Abadiño eta Berriz igaroko dituzte, gero Trabakua igo eta kostaldera egiteko. Helmuga Baionan izango dute. Aurretik beste etapa bi jokatuko dira Euskal Herrian. Lehenengo etapa, uztailaren lehenean, Bilbon hasi eta amaituko da eta, besteak beste, Gernikatik igaroko da. Gasteiz eta Donostia lotuko dituen bigarren etapan Udana, Aztiria, Alkiza, Gurutze eta Jaizkibel gainak igaroko dituzte.

Agirrebeitiaren berbetan, datorren urteko Tourrak Euskal Herria ezagutzera ematea ahalbidetuko du, "munduari erakutsiko diogulako euskaldunak nor eta zer garen". "Zornotzarentzat ere ikaragarria da eta izango da. Gran Départ Pays Basqueko hirugarren etapa gure herritik aterako da, eta zalantzarik gabe, gure udalerriko historiako ekitaldirik garrantzitsuenetako bat izango da", adierazi du. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!