Bertan behera gelditu da apirilaren 12an egitekoa zen Udaberri Klasikoa

Maialen Zuazubiskar 2020ko ots. 12a, 10:04

65 urtez antolatu dute Zornotzako Udaberri Klasikoa. 

Antolatzaileek prentsa ohar bidez jakitera eman dutenez, apirilaren 12an egitekoa zen Zornotzako Udaberri Klasikoa bertan behera gelditu da. "Azken urteotan elkarteak bizi izan duen krisialdiak erabaki hau hartzera behartu gaitu. Txirrindularitza elkartean ez da belaunaldi aldaketarik egon eta, horren ondorioz, gaur egun ez dago proiektu handi hau aurrera eramateko behar beste lagun", adierazi dute. 

Bestalde, maiatzean bazkideekin eta herritarrekin batzar bat egingo dutela jakitera eman dute. "Amorebieta Txirrindulari Elkartea gidatzeko gai izango den zuzendaritza batzorde bat osatzeko, txirrindulariak prestatzeko eta orain arte bezala ekitaldi guztiak antolatzen jarraitzeko jendea behar dugu", esan dute.  Horrez gain, eragile ekonomiko guztiei ere dei egin diete, beraien proiektua babesteko. "Gaur egun taldeak ez du babeslerik eta hori behar-beharrezkoa da proiektu berria aurrera eramateko". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!