ZOPAk dio osasungintza publikoa krisialdian dagoela. Horrela da? Osasun sistema publikoa krisialdian dago?
Amaia Fernandez Azkunaga: Bai. Gaur egun bizi dugun egoera ez zen koronabirusaren izurriagaz hasi. Gure aldarrikapenetan argi diogu arazo hau aspaldikoa dela.
Izaskun Martin Caceres: Orain hiru bat hamarkada inbertsio handiak egin ziren Osakidetzan. Langile kopuruak gora egin zuen, azpiegiturek eta zerbitzuek ere bai. Bazegoen zerbitzua indartzeko helburu bat. Baina azken hamar urte hauetan ikusten duguna da baliabideak geroago eta gutxiago direla.
Latxe Uranga Basterra: Osakidetzak estrategiak eta txostenak lantzen ditu hamar urterik behin. Zuk, langile lez, ez dituzu estrategia horien atzean dauden joerak ikusten. Norabidea ez da ikusten. Baina gaur egun ikusten duguna da inbertsio handiak egiten direla teknologian, baina Lehen Mailako Arretak beherantz egin duela. Aurrekontuak ikusi besterik ez dago.
A. F. A.: Gero, bada beste kontu bat. Herritarren esanetan, geroago eta itxarote-zerrenda luzeagoak daude. Eta badakigu herritar batzuek osasungintza pribatura jo behar izan dutela hainbeste itxaron ezinda. Horretxegaitik da, hain zuzen ere, Osakidetzan momentu honetan eskaintzen den zerbitzua ez delako kalitatezkoa. Zelan da posible itxarote-zerrendak hain luzeak izanda kirofanoak, kontsultak eta plantak zarratzea?
I.M.C.: Itxaronaldien eraginez, pazienteek larrialdietara jotzen dute. Baina horrek larrialdi zerbitzua kolapsatzeko arriskua dakar. Azken finean, Lehen Arreta indartsu batek gutxitu egin beharko lituzke ospitaleratzeak.
Osakidetzan momentu honetan eskaintzen den zerbitzua ez dela kalitatezkoa diozu. Zergaitik?
A.F.A.: Ez dagoelako baliabide nahikorik. Profesionalek dena eman arren, ez dago baliabide nahikorik.
Zelakoak dira egunerokotasunean topatzen dituzuen egoerak?
A.F.A.: Langileak nekatuta daude, erreta. Etsipen moduko bat dago. Eta iruditzen zait lehen egondako bokazio hori galdu egin dela neurri batean. Jakina, ezin dut orokortu, baina nire inguruan behintzat hori ikusten dut.
Gotzone Sagardui Osasun sailburuak Lehen Mailako Arretan profesionalak falta zirela adierazi zuen uda aurrean.
A.F.A.: Zalantzan ipintzen dut hori horrela izatea. Dena dela, argi dagoena da dauden baliabideen kudeaketa ez dela ona. Behin-behineko langileak daude, gaur hemen eta bihar han lanean dabiltzanak. Horrek ez du kalitatea bermatzen, ez du segurtasunik ematen, eta ezinezkoa da paziente bati jarraipen egokia egitea.
L. U. B.: Espainiako estatuak MIR delakoan markatzen ditu Autonomia Erkidego bakoitzarentzako plaza kopuruak. Baina gure erkidegoan urteak dira aukeran ditugunak baino plaza kopuru gutxiago ateratzen dela. Osakidetzak Giza Baliabideen ikerketa egin zuen 2012an, baina han jasoriko diagnosiaren kontrakoa egin du azken urteotan.
I.M.C.: Nik neuk, adibidez, aurre-erretiroa hartzea erabaki nuen, nekeagaitik. Ez pandemiak eragindako nekeagaitik, denagaitik baino. Guztiz nekatuta nengoen, kokoteraino. Ez da jendea kudeatzen, eta zer gertatzen da? Bada, irten egiten dugula, aukera ikusten dugun momentuan bagoazela hortik.
Sagarduik “kultura aldaketa” bat eta osasun beharrizanetarako batetik bestera mugitu beharko genuela iradoki zuen.
L.U.B.: Hori amortizazioa dela iruditzen zait. Txarto ikusten dut. Lehen Mailako Arretak zuzeneko eta gertuko zerbitzua eskaini behar du. Definizioak berak halantxik du jasota.
A.F.A.: Zornotzan badakigu ez digutela osasun zentroa zarratuko, herri handia delako. Baina beste herri batzuetan hori gertatu daitekeela iruditzen zait. Eta ez da berdina gu leku batetik bestera ibiltzea edo adinduak horrela ibiltzea.
Zein etorkizun ikusten duzue?
A.F.A.: Etorkizuna oso ilun ikusten dut. Egoera honek herritarrak apurka-apurka osasun sistema pribatura joatea dakar. Ahal duenak behintzat pauso hori emango du. Bestalde, Osakidetzako zerbitzu asko pribatizatuta dago eta iruditzen zait hemendik aurrerako joera ere horixe izango dela. Ez dago osasun sistema publiko indartsu bat izateko borondaterik. Zerbitzuak pribatizatzeko interes handia ikusten dugu. Hori dela eta, Osakidetzako beharginak mobilizatzera deituko nituzke. Funtzionario garen aldetik, konpromiso bat dugu herritarrekin, eta konpromiso hori defendatzea dagokigu.
Erreportaje honetako beste zenbait atal: