Jurdan Salterain auzotarraren egoera ere antzekoa da. 6 eta 9 urteko seme-alaba biren aita da. "Mutikoagaz, txikiagaz, Zaldibarrera joan behar izan dugu noiz edo noiz. Arazoren bat ote zuen deskartatu gura genuen, larria izan zitekeen zerbait deskartatu. Eta Zaldibarrera bideratu gintuzten", kexatu da. "Han ziurtatu ziguten umeak ez zuela ezer larririk, txikikeria bat baino ez zela. Niri iruditzen zait osasuna zure herrian, auzoan, kudeatzea erosoagoa dela", dio.
Abadiñoko anbulatorio biek (Traña-Matiena eta Zelaieta), Atxondokoak, Berrizkoak, Elorriokoak eta Zaldibarkoak Lehen Mailako Arreta Unitate bakarra osatzen dute. Osakidetzak lau pediatrarentzako lekua esleituta du unitate horretan. Pediatra bat Berrizerako eta Zaldibarrerako, beste bat Elorriorako, beste bat Zelaieta eta Atxondorako eta laugarrena Traña-Matienarako. Baina azken honetako pediatraren lekua bete barik dago iaztik, bertako pediatrak 2021eko ekainean erretiroa hartu zuenetik, hain zuzen ere. Beraz, eguneroko zerbitzua barik, asteko egun gutxi batzuetan baino ez da ordezko pediatra bat egoten han.
Kexak orain ere ailegatu diren arren, ez dira berriak. Izurria hasi baino lehenago, 2019ko azaroan, auzotarrek elkarretaratzea egin zuten osasun etxearen aurrean. Pediatriako "murrizketak" salatu zituzten. Mobilizazio hura bultzatu zuen guraso batek –identitatea gordetzeko eskatu du– gaur egungo egoera "lotsagarria" dela iritzita, pediatria zerbitzua osorik berrezarri dadin eskatu du. Abadiñoko udalbatzak zerbitzuak bermatzea eskatu zion Osasun Sailari uztaileko osoko bileran. Mikel Garaizabal alkateak jakinarazi du Osasun Saila egoera onbideratzeko "lanean" dabilela.
Erreportaje honetako beste zenbait atal: