Zornotzako jaiak

[ARGAZKI GALERIA] Udazken Txistulari Taldeak txupinazoa jaurtita jaiak hasi dira Zornotzan

Anboto 2022ko uzt. 15a, 21:58

Eta halako batean,... herriko jaiak. Urte biko etenaldiaren ostean, zornotzarrek jai-egarria asetzeari ekin diote. Udazken txistulari taldeko kideek jaurtiriko txupinak jaia zabaldu du herriko kaleetan.  Gaurtik uztailaren 27ra arte umore onak, ekitaldiek eta parrandek hartuko dute Zornotza.

Ailegatu da eguna. Urte biko eten luzearen ostean, Zornotzarrek jai-egarria asetzeari ekin diote. Plaza, beteta. Zapi urdinak edonon. Irribarreak alderik alde. Udazken txistulari elkarteak jaiak iragartzen dituen pregoia irakurri eta zerura bidali du txupina. Eztanda horren ostean ailegatu da hain zuzen ere,... leherketa. Jaia lehertu baita herriko plazan eta gainerako kaleetan. Gaurtik uztailaren 27ra arte, makina bat kultur, kirol eta gastronomia ekitaldi egongo da udalerrian. Urrutira joan barik, Doctor Deseo talde bilbotarrak emanaldia eskainiko du Zubiondon, gaur bertan. Kontzertua 22:30etan hasiko da. Biha, berriz, Karmengo jaia egingo dute Larrean, eta hitzordurik herrikoienez gozatzeko datorren asteburura itxaron beharko da. Uztailaren 22an, gazteriak kuadrillen eguna ospatuko du. 23an, herritarrek urteroko hitzordu handienetako bat izango dute zain: marmitako txapelketa. Egitarau guztia kontsultatu gura duenak, horretarako aukera du hemen.

Bestalde, Udalak eta Talde Feministak argi utzi dute jaietan ez dutela indarkeria matxistarik onartuko. Horretarako protokolo bat diseinatu dute elkarlanean, eta txosnen zein tabernen esku ipini dituzte jarraibideak. Bertan islatu dituzte, erasoren bat gertatuko balitz, jarraitu beharreko argibideak eta telefonoak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!