Zornotzako jaiak

Jaietan indarkeria matxistari aurre egiteko protokoloa, prest

Anboto 2022ko uzt. 15a, 10:21

Jaien atarian, Zornotzako Udalak eta Talde Feministak indarkeria motak identifikatzeko eta salatzeko protokoloa egin dute elkarlanean. Protokoloa tabernetan eta txosnetan banatuko dute. Biktimaren arretarako telefonoa 722232869 zenbakia da. Asteburu bietan 24 orduz egongo da operatibo.

Ainhoa Salterainek, GIzarte Ekintza eta Berdintasun zinegotziak nabarmendu du "indarkeria matxistak forma desberdinak" hartu ditzakeela. "Horregatik, funtsezkoa da garrantzi bera ematea denei, arinak zein larriak izan. Eraso guztiak dira eraso matxistak: irainak, jeloskortasuna, xantaia emozionalak, mespretxuak, kolpeak, sexu-jazarpena, bortxaketak, hilketak,...", azpimarratu du. Hori dela eta, Talde Feministak eta Udalak landuriko protokolo berriak indarkeria motak identifikatzea eta salatzea erraztuko du. 

Nola aktibatzen da protokoloa?
Erasoren bat ikusten denean, norbait erasoren bat jasan duela esaten gerturatzen denean edo norbaitek eraso baten lekuko izan dela adierazten duenean. Protokoloak egoera bakoitzaren aurrean jarraitu beharreko pausoak zehazten ditu. 

Telefonoak eta jarraitu beharreko jokabideak

  • Baten batek pertsona bat arriskuan dagoela ikusten badu, laguntzarik behar duen galdetu behar dio. Ez du bakarrik utziko. Beharrezkoa bada, Udaltzaingora (946300160), Durangoko Ertzaintzaren komisaldegira (944669300) edo SOS deiak (112)-era deitu beharko da. 
  • Abisua jasotzen duen pertsonak albo batera utzi beharko du egiten ari dena, eta arreta ipiniko dio erasoa jasan duen pertsonari. Adi-adi entzungo ditu erasoa jasan duenaren azalpenak.
  • Indarkeria sexistarik eta eraso matxistarik bako gunea erabilgarri egongo da Zelaieta parkean. Uztailaren 15ean eta uztailaren 16an, eta uztailaren 22, 23, 24 eta 27an egongo da erabilgarri 20:00etatik 00:00etara.
  • Jaietarako beren-beregi egokituriko telefono zenbaki bat ipini dute biktimaren arretarako., 722232869 telefonoa da. 24 orduz egongo da gaur eta bihar eta datorren asteburuan.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!