Zornotzako jaiak

“Euskararik bako jairik ulertzen ez dugun moduan, txistularirik bakoa ere ez”

Igor Galarza 2022ko uzt. 13a, 09:17

Urtero, Karmengo jaietan pregoia jaurtitzeko ohorea eskaintzen zaio pertsona edo talde bati, urte osoan zein jaietan herrian egindako ekarpenaren esker ona adierazteko asmoz. Aurten, Udazken Txistulari Taldeak izango du ardura hori, taldea kalera irteten hasi zela 25 urte bete diren urte berean. Iban Ibarretxe Mezo (Zornotza, 1973) taldeko kidea da eta ez du ezkutatu “urduri” daudela.

Igartzen duzue pregoilariak izatearen urduritasuna?
Bai, urduri gaude. Txakoli pare bat hartu beharko dugu pregoia irakurri orduko, dena ondo irten dadin. Tijuana taldeak abesti batean esaten zuen lez, "¿y qué podemos hacer para sacudirnos del miedo? ¡Bebe y olvídalo!"

Zornotzako jaiak bueltan dira, eta, tartean, zeuek ere arituko zarete. Zein da zuen egun handia? Baduzue emanaldi berezirik?
Ez nintzateke ausartuko egun berezi bat aukeratzen, baina argi dago bi direla egunik aipagarrienak. Bat txupinazoaren eguna da, datorren barikua; eta bigarren egun berezia txistu alardearen eguna izaten da, aurten uztailaren 22a. Aurtengoa XXII. edizioa izango da, gainera. Dena dela, ezin ditugu ahaztu Larrea auzoan ospatzen den Karmen eguna eta uztailaren 25ean izaten den amama-aititen eguna.

Ibilbide berezirik egingo duzue?
Bai, Karmen egunean ibilbidea egokitu egiten dugu apur bat. Egun horretan Larreara joaten gara kalejiran, 16an bertan ospatzen da jaia eta. Oso egun polita izaten da. Hori eta Santanatxu eguna izango dira, beharbada, egunik nostalgikoenak. Gainerako kalejiretan, erdialdetik ibiltzen gara. Hala ere, urtean zehar domekero egiten ditugun kalejiretan txistu doinua Zornotza osora eroaten ahalegintzen gara.  

Zelan bizi dituzue Zornotzako jaietako aste horiek?
Jaiak oso gure sentitzen ditugu. Euskararik bako jairik ulertzen ez dugun moduan, txistularirik bakoa ere ezin dugu ulertu. Orain arte bertan egon gara eta bertan egongo gara.

Errepertorio berezirik prestatzen duzue jaietarako?
Txistu alarderako beti prestatzen ditugu abesti desberdinak, egoeraren arabera. Momentuko egoera zein den ikusi, eta abesti bat edo beste bat sartzen dugu. Gainera, urtero abeslari bakarlari bat ekartzen dugu gugaz abestu dezan, eta bere kantak moldatu egin behar izaten ditugu. Esate baterako, Enrique Villarreal 'El Drogas' etorri zenean, Blanco y negro jo genuen, eta Su Ta Gar taldeko Aitor Gorosabel gonbidatu genuenean, Jo Ta Ke sartu genuen errepertorioan. Eta horrelako kantak egokitu behar izaten ditugu, bai txisturako bai gainerako musika-tresnetarako.

Domekero irteten duzue kalera. Zein izaten da ohitura?
Orokorrean, erdialdetik ibiltzen bagara ere, noizbehinka Zornotzako leku urrunagoetara joaten gara. Eta asko eskertzen digute. Jakina, goizetan itzartzen ditugun batzuentzat gogaikarriak izango gara, baina atzetik umeak txaloka eta dantzan izateak sortzen digun pozak ez dauka parekorik.

Zer bilakaera izan du txistulari taldeak urteotan?
1997an hasi genituen kalejirak. Hasiera hartan, nire anaiak, Ken Zazpi taldeko Eñaut Elorrietak eta nik neuk irteten genuen kalerik kale. Gero, herriko hainbat txistulari batu zitzaigun eta musika eskolako gazteak ere bai. Urteen joan-etorrian talde itzela batu da Udazken taldearen inguruan, eta gaur egun 30 bat kide gara.

COVIDa apurka ahazten doa, eta zuek bere garaian erabiltzen zenituzten pantailak ere ahaztuko zenituzten.
Jakina! Sasoi hori kaka zaharra izan zen denontzat, eta guk ere egoerara moldatu behar izan genuenez, aurpegiko pantailekin irteten hasi ginen. Balkoietan hainbeste polizia egotera, ez geneukan beste aukerarik. Eta jakina igartzen dela. Orain txistulariak gara, eta COVID garaian antidisturbioak ginela ematen zuen (barrez).

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!