“Ez dugu helburua bete, baina oso harro gaude egindako lanagaz”, adierazi du Jon Larrea presidenteak. Izan ere, hiriburuetako talde handi askoren kontra jokatu eta aurpegia eman dute. "Batzuk esaten ziguten otsailerako 20 puntura egongo ginela, baina, begira, azken aurreko partidura arte borrokan egon gara".
Jon Larrea buru duen zuzendaritzak kluba ekonomikoki larri zegoenean hartu zuen klubeko ardura. Orain diru aldetik ondo daudela azaldu du. "Horrelako liga baten egoteak diru sarrera garrantzitsuak sorrarazten ditu. Guk hasieratik argi geneukan dirua eduki arren ez ginela zoratuko eta horrela egin dugu. Etxeko jokalariekin jokatzeko filosofiarekin jarraitu dugu. Gaur Amorebieta egoera ekonomiko onean dagoela esan dezakegu", azaldu du. Bazkideen batzarrean emango dituzte egoera ekonomikoaren gaineko xehetasun guztiak.
Zuzendaritza honek ekainaren 30ean amaituko du legegintzaldia. Ondoren, hausteskunde prozesua hasiko da. Larreak adierazi du hurrengo hauteskundeetara ere aurkeztuko dela bere lan-taldearekin batera.
Iker Seguinek adierazi du "minduta" daudela, baina baita egindako lanagaz "harro" ere. "Partiduetan geneukan dena eman dugu".
Amorebietak zapatuan, 18:15ean, jokatuko du denboraldiko azken partidua. Ponferradina taldea hartuko du Lezaman.
Iker Seguin gaurko prentsaurrekoan.