Amorebieta futbol klubeko zuzendaritza berriak 361.000 euroko zorrarekin hasi zuen agintaldia

Anboto 2018ko abe. 5a, 11:01
Zuzendaritza berriko irudia. Behean eta erdian Jon Larrea SD Amorebietako presidentea. (Argazkia: sdamorebieta.eus)

Azken hileetan egindako auditoriaren emaitzak jakinarazi zituen zuzendaritzak atzoko ohiko batzarrean.

Zuzendaritza berriak 361.000 euroko zor garbiarekin hartu zuen SD Amorebietaren gidaritza uztailean. Halaxe informatu zuten atzoko batzarrean eta zorraren nondik norakoak  azaldu zituzten. Zuzendaritza talde berriko kideek bazekiten kluba oso “egoera delikatuan” hartuko zutela, baina hasiera batean ez zuten uste “horrenbesterako” izango zenik, ohar batean azaldu dutenez. Bestelakoak ziren esku artean zituzten datuak. 2017ko uztailaren 24an egin zen ezohiko batzarrean, hau da, aurreko agintaldian, erakundeko presidenteak bazkideei jakinarazi zien une hartako zorra 33.000 eurokoa zela. "Baina auditoriak egiaztatu duenez, une hartako benetako zorra 224.00 eurokoa zen, ia zazpi aldiz handiagoa", zehaztu dute.

Hori gutxi balitz, Gizarte Segurantzak talde urdinari 206.000 euroko isuna ezarri dio 2016-17 eta 2017-18 denboraldietan "hainbat futbolari Gizarte Segurantzan altan eman gabe izateagatik  eta kuotak ordaindu gabe uzteagatik". Kuotetan ordaindu gabe utzi den kopurua 82.000 eurokoa da eta beste 124.000 euroak isunak dira. Baina dena ez da hori: zuzendaritza talde berriak Gizarte Segurantzarekin daukan zorra 238.000 eurokoa da, 2018ko otsailetik ekainera bitartean ordaindu ez ziren kuotengatik 32.000 euroko zorrari aurre egin behar izan diolako. Azken kopuru hori "negoziatuta eta hitzartuta" dagoela eta ekainetik aurrera SDAk Gizarte Segurantzako "kuota guztiak ordaindu" dituela segurtatu dute. 

Hartzekodunen  aurrekonkurtsoa

Gizarte Segurantzak ezarritako isun honek, aurreko zuzendaritza taldeak utzi duen zorrari gehituta, zuzendaritza  “derrigortu” du hartzekodunen aurrekonkurtsoa deklaratzera. Legeak aurreikusten duen mekanismoa da eta derrigorrezko gertatzen da erakunde batek bere derrigor ekonomikoei erantzuterik ez duenean, eta helburu bikoitza dauka: alde batetik, zailtasun egoeran dagoen erakundeari hartzekodunekin hitz egiteko eta bere etorkizuna bideragarri egin dezakeen plana diseinatzeko denbora irabaztea; beste alde batetik, gaur egungo zuzendariak blindatzea eta aurreko legealdiko zuzendarien jardunaren ondorioz eragin litezkeen lege erantzukizunetatik babestea.

Auditoriaren emaitza duela aste bi ezagutu delarik, zuzendaritza hasi da bideragarritasun plan berria diseinatzen. “SD Amorebieta taldea gaur egungo egoera ekonomiko larritik ateratzea da helburua, egoera honek kirol esparrua kalte ez dezan. Plan hau, logikoa denez, urte batzuetarako aurreikusita dago”.

Atzoko batzarrean 2018/19 urteko aurrekontuak onartu zituzten. 658.000 eurokoa da zenbateko osoa. Gaur egun 747 bazkide dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!