Amorebietako Konbenioari buruzko antzezlana sortu du Tartean antzerki konpainiak

Anboto 2022ko mai. 19a, 10:00

'Bake lehorra' deitzen da Tartean antzerki konpainiaren antzezlan berria. Amorebietako Konbenioan gertatutakoa azaltzea gura du lanak, "gerraren eta bakearen arteko oreka ahula" nabarmentzeko asmoagaz. Patxo Telleria obraren zuzendariaren berbetan, "dimentsio berri bat" hartu du lanak Ukraniako gerragaz. Maiatzaren 23an estreinatuko dute 'Bake Lehorra' (maiatzaren 21ean gazteleraz).

Andoni Agirrebeitia Zornotzako alkateak kontakizun "ahalik eta errealena" egiten egidako lana nabarmendu du, eta obraren gizatasuna azpimarratu du, Konbenioaren sinaduraren 150. urteurrena ospatzeko egindako lan honetan. "Obrari esker zornotzarrek gure udalerrian bakea lortzeko egindako ahalegina biziberritzeko aukera izango dute, azken Karlistaldia geldiarazteko helburuagaz sinatu zen akordioa ezagutuko dute".

Patxo Telleriak zuzendu eta idatzi du lanak, eta protagonistak Mikel Losada eta Aitor Fernandino aktoreak dira. Lau errealitate egoera desberdin erakutsiko dituzte, aldi berean gertatzen ari direnak. "Ardura politiko edo militar gehiago dutenek, gutxiago sufritzen dutela uste dugu, hori da planteatzen dugun kontzeptua obran". Hasiera batean, antzezlana Zornotzan soilik eskaini behar zuten, hala ere, beste emanaldi batzuk lotzen ari direla azaldu du Telleriak gaur egindako aurkezpenean. 

Euskarazko eta gaztelerazko emanaldiak 20:00etan izango dira, Zornotza aretoan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!