Amorebietako Konbenioaren 150. urteurrena gogoratzeko egitarau zabala antolatu dute Zornotzan

Anboto 2022ko api. 29a, 11:54
Andoni Agirrebeitia Ziornotzako alkatea, Patxi Gonzalez programazioaren koordinatzailea eta Luciano Martinez kultura eta kirol zinegotzia.

Amorebietako Konbenioa 1872ko maiatzaren 24an sinatu zen Zornotzan hirugarren eta azken Gerra Karlistaren baitan.

Zornotzako akordio hori sinatu zela 150 urte beteko dira maiatzaren 24an eta udalak egitarau zabala antolatu du urteurrena gogoratzeko. Patxi Gonzalez aktorea udalagaz elkarlanean aritu da ekimen sorta antolatzeko.

Erakusketa eta liburua

Erakusketa da programazioko osagai bat. San Miguel kalean egongo da. Zornotzar guztiei zabalik egongo da maiatzaren 2etik 24ra, eta Patxi Gonzalez aktoreak, programazioaren koordinatzaileak, azaldu duen bezala, hainbat elementu izango ditu: "Nagusienetako bat, zalantzarik gabe, hitzarmena sinatu zen jatorrizko mahaia izango da, pribilegio bat izango da ikusgai egotea. Horrez gain, erakusketak garai hartako Zornotza nolakoa zen irudikatzen lagunduko du, maketa baten bitartez. Eta nola ez, informazio-panelak ere egongo dira, zehazki zortzi; bertan azalduko da Karlistaldia bera, Konbenioa sinatu arte".

Era berean, Gonzalezek azaldu duen moduan, liburu bat ere idatzi da: "Bertan, garai hartan Euskal Herrian eta, zehazki, Amorebieta-Etxanon gertatutakoa kontatzen da. Amorebietako Konbenioari buruzko xehetasun guztiak jakin nahi dituzten pertsonek bertan aurkituko dute informazio guztia; erakusketan bertan egongo da salgai".

Hiru hitzaldi

Egitarauaren baitan antolatutako hiru hitzaldiak Amorebietako Konbenioari buruzko beste informazio-iturri bat izango dira: Jesus Arratek orain arte kontatu gabeko historia gerturatuko die zornotzarrei; Joseba Agirreazkuenagak hitzarmenaren ondorengo bost urteak azalduko ditu, sinatzen denetik Euskal Foru Gobernuaren desegitera arte; eta Mikel Urquijok 1868 eta 1876 urteen artean liberalek eta karlistek demokraziaren aurrean izan zuten jarreraz hitz egingo du.

Antzezlanak eta musika emanaldiak

Patxi Gonzalezek azaldu duenez, programazioaren beste ardatz nagusietako bat ospakizun honetarako enkargatutako antzezlana izango da: "Obra garai hartan gertatutakoarekin bat dator, lan sakona egin dugu kontatzen dena ahalik eta errealena izan dadin". La paz esteril edo Bake antzua izenburupean, euskaraz zein gaztelaniaz ikusi ahal izango da. Besteak, Martin Zalakain izenburu duenak, euskal abenturazalearen bizipenak kontatuko ditu dantza, antzerki eta musika ikuskizun baten bidez.

Halaber, bi musika emanaldi ere izango dira. Joseba Tapiak Gerra Karlisten garaiko bertsoak abestuko ditu, gehienak berak musikatuak, Eta tira eta tunba izeneko emanaldian. Egitarauaren barruan, Behotsik Orkestrak ere joko du, Aritz Labrador zornotzarrak zuzenduta.

Eta xake kalejira ere izango da, zornotzar boluntarioen eskutik: fusilari jantziekin aterako dira. Kontzertu bat ere izango da, Anaka taldearen eskutik.

Hiru pelikula

Zornotza Aretoak gaiaren inguruan bereziki programatutako hiru zine saio ere eskainiko ditu. La crónica de la Guerra Carlista filmak 1922ra eramango ditu herritarrak, eta bertan Bilboko egunkari liberal bateko zuzendariak eta boluntario karlista ohi batek gaztaroko garaiak gogoratuko dituzte. Santa Cruz, el cura guerrillero pelikulak Juan Auzmendiren istorioa kontatuko du; herri txiki bateko sakristaua izanik Ameriketara emigratzea erabaki zuen Auzmenik, erronka berrien bila; aurretik ordea, gerra zibilean murgilduta bizi zen herri batek markatutako gertaera ezberdinak jasan behar izan zituen. Azkenik, Por Don Carlos filma ikusteko aukera izango da, Euskal Herrian filmatutako fikziozko lehen film luzeetako bat, garai ezberdinetatik bizirik atera dena; Allegria kapitainaren abenturak kontatzen ditu, Don Carlos Borboikoaren zerbitzura zegoen estratega bat, Espainiako errege izateko borrokan.

Esker hitzak

Amaitzeko, Andoni Agirrebeitia alkateak esker oneko hitzak izan ditu Amorebieta-Etxanok egun hura modu honetan oroitzea ahalbidetu duten pertsona guztientzat: "Eskerrik asko Patxi Gonzalezi, gaur aurkeztu dugun jarduera bakoitza sustatzeagatik eta koordinatzeagatik. Eta nola ez, eskerrik asko Josean Goiriari Amorebietako Konbenioa sinatu zen mahaia dohaintzan emateagatik. Luxua izango da erakusketa honetarako edukitzea, eta are gehiago zornotzarren ondare bihurtuko dela jakitea".

EGITARAUA -ZINEMA

  • Maiatzak 3: 'Cronica de la guerra carlista'.
  • Maiatzak 10: 'El cura Santa Cruz guerrillero'.
  • Maiatzak 17: 'Pour don Carlos'.

Tokia eta ordua: Zornotza Aretoan, 20:15ean (Sarrera 4,5 euro).

EGITARAUA - HITZALDIAK

  • Maiatzak 5: 'El convenio de Amorebieta de 1872. La historia no contada'. Jesus Arrate.
  • Maiatzak 12: 'Amorebietatik euskal foru gobernuaren desegitera'. (1872-76). Joseba Agirreazkuenaga.
  • Maiatzak 19: 'Liberales carlistas ante la democracia (1968-76)'. Mikel Urquijo.

Tokia eta ordua: Zelaietan, 20:00etan. Doakoa.

EGITARAUA - MUSIKA ETA ANTZERKIA

  • Maiatzak 14: Musika. 'Eta tira eta tunba'. Joseba Tapia.
  • Maiatzak 21: Antzerkia. 'La paz esteril'. (Gazteleraz).
  • Maiatzak 23: 'Bake antzua'. (Euskaraz).
  • Maiatzak 24: Musika. Behotsik orkestra.

Tokia eta ordua: Zornotza Aretoan, 20:00etan (3 euro).

  • Maiatzak 7: Antzerki-dantza. 'Martin Zalakain'.

Tokia eta ordua: Amorebieta IV pilotalekua, 20:00.

EGITARAUA - UMEAK ETA BESTELAKOAK

  • Maiatzak 8: Xake kalejira eta kontzertua. 

Tokia eta ordua: Zelaietatik Herriko plazara. 12:30ean.

  • Maiatzak 21: Erdu olgetan ginkana.

Tokia eta ordua: Zelaietako ludoteka: 16:00-18:00.

  • Maiatzak 21: Gauero ginkana.

Tokia eta ordua: Zelaietako gaztetxokoa: 20:00.

EGITARAUA - ERAKUSKETA

Non: San Migel kalea, 8.

Noiz: Maiatzaren 24ra arte. 16:30-20:30.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!