Zapatuan gertatutako eraso homofoboaren harira, Zornotzako EH Bilduk oharra kaleratu du. Koalizio subiranistak elkartasuna adierazi die erasoa jasan zuten biktimei eta senideei, eta adierazi du "ezin harroago" sentitzen dela "herritarrek erasoa salatzeko erakutsitako jarrerarekin". "Ez dugu komunikaturik lehenago atera, lehenengo erantzuna herriarena izan behar zelako; ez gurea", esan du EH Bilduk.
Koalizioak jakinarazi du zapatuko erasotzaileak bat baino gehiago izan zirela, eta gaineratu du erasoan "herriko ordezkari politiko bat" eta "beste zornotzar batzuk" kolpatu zituztela, hain zuzen ere, eraso homofoboa jaso zuen pertsona defendatu gura izateagatik. "Ez da Zornotzako talde batek herriko beste pertsona eta eragile bati eraso egiten dion lehenengo aldia", ohartarazi du EH Bilduk. Hori dela eta, zornotzarrei eskatu diete eraso "antidemokratiko, koldar, matxista, homofobo eta faxistei" aurre egiteko. "Herri antolaketa ezinbestekoa da gure kaleetan askatasun osoz bizi ahal izateko", adierazi du EH Bilduk.