Zerk bultzatu zaitu Ukrainaren eta Poloniaren arteko mugara joan eta gerrako errefuxiatuak hartzera?
Emaztea ukrainarra da. Gerra hasiko zela aurreikusi genuen eta maletak prestatu genituen inbasioa gertatu baino aste bi lehenago. Eguenean, otsailaren 24an, dena hasi zenean, lanetik irten eta Medykarantz irten nuen, Poloniaren eta Ukrainaren arteko mugarantz. Zapatu eguerdian ailegatu nintzen hara. Han emaztearen senideekin eta lagunekin batzea zen nire asmoa. Haiek hona ekartzeko asmoa nuen. Baina Kiev hiriburuan bizi direnez, eta zailtasunak zituztenez handik irteteko, ezin izan zuten Ukrainatik irten. Bidaia hartatik esku hutsik ez bueltatzeko, Espainiako estatua helmuga zuten errefuxiatuak hartu nituen. Emaztea eta biok ibilgailu banatan joan ginen hara. Sei errefuxiatu hartu genituen. Ama bat eta seme-alaba bi nik, eta ama bat eta alaba bi emazteak. Guadalajara eta Cordoba zituzten helburutzat.
Beraz, emaztearen senideak eta lagunak Kievetik irten ezinda daude.
Badirudi senitarteko eta lagun batzuek laster irten ahalko dutela hiritik. Badirudi korridore humanitarioek hori ahalbidetuko dutela. Hori horrela bada, berriro ere joango gara mugara, haiek hartu eta hona ekartzeko. Dena dela, batu ditzakegunak baino lagun eta senide gehiago ditugu han.
Zelakoa da errefuxiatuak hartzeko mekanika? Zein protokolo jarraitu behar da?
Emazteak hango boluntario batzuekin berba egin zuen. Berak kudeatu du dena. Boluntarioen artean ukrainarrak daude, baita poloniarrak ere. Zuk adierazten duzu errefuxiatuak hartzeko prest zaudela, eta dena martxan ipintzen da. Ekarri genuen errefuxiatuetariko baten lagunagaz berba egin genuen. Honantz etortzea eskaini genion, baina ezetz erantzun zigun, egun batzuetarako lagun baten etxean geratuko zela. Gerrak egun gutxi iraungo zuelakoan zegoen. Guk Varsoviatik eta Medyka ondoko beste herri batetik hartu genituen errefuxiatuak. Ekarri genituenak Espainiara eraman genituen, bertan ezagunak edo senitartekoak zituztelako. Baina ez da ohikoa. Errefuxiatuek ez dute Espainiako estatua helmuga legez gura izaten. Alemania edo Praga (Txekiar Errepublika) gura izaten dute. Amets amerikarra deituriko hori dagoen eran, amets europarra ere badago.
Zelakoa izan zen handik Espainiarako bidaia?
Batetik, nekagarria. 30 orduan gidatu nuen. Errusieraz apur bat berba egiten dut, oinarrizkoa, eta bidaian zehar horri eskerrak komunikatzen ginen. Elkarrizketa konplikatzen zenean, emazteari deitzen nion, eskuko telefonora, itzulpen lanak egin zitzan. Bestetik, kontrastez beteriko bidaia izan da. Nik ekarri nuen ama burumakur zegoen, triste, arduratuta. Baina bere ume biak, ostera, txikiak direnez, olgetan eta algaraka etorri ziren kotxean. Gutxienez, dena ez da galdu.