Durangaldetik Ukrainara begira

“Gerra amaitzea, horixe baino ez dut gura”

Anboto 2022ko mar. 11a, 09:30

Mykhaylo Strubitskyy (Ukraina, 1976) Kiev hiriburutik 800 bat kilometro mendebaldera dagoen Bedrykivtsi herrian jaiotakoa da. Ama, neba-arrebak, ilobak eta lagunak han dauzka, bere sorterrian, oraingoz han ez dago borrokarik eta. Strubitskyyk 15 bat urte daramatza Durangaldean bizitzen. Atxondon bizi da, bertara ezkonduta. Iurretako Mugarri Basolan enpresan lan egiten du, mekanikari, eta lagun ugari dauka Abadiñoko Traña-Matiena auzoan. Oso esker oneko dago Durangaldeko herritarrek egunotan emandako laguntzagaz. “Ez nuen sekula ere pentsatuko hain babestuta sentituko nintzenik”, dio.

Gerrak ez du etenik Ukrainan. Zelan zaude?
Oso txarto. Ez naiz sekula ere hain triste egon. Ezin dut deskribatu sentitzen dudana. Ez nuen sekula ere halakorik espero. Gerra izaten ari den eskualdeetan lagun asko daukat. Orain aste batzuk Errusiak kaleratu zituen mezuak antzerkia zirela pentsatzen nuen, tentsioa sortzeko, baina ez nuen uste kontua honaino ailegatuko zenik. Oso gogorra da. Nire bizimodua hemen daukat, baina bihotza han.

Baduzu familiarik han?
Bai. 39 urteko anaia dut, eta 48 urteko arreba. Anaia bere bikotekideagaz bizi da. Arreba, gure amagaz eta bere alabagaz. Baserri bat dugu han, eta ez dute handik alde egin gura. Ez dute ez Ukraina ez etxea abandonatuko. Han, inguruko eskualdean, denek argi dute hori, nire familiakoek eta bizilagunek. Egunean hainbat bider berba egiten dut telefonoz eurekin.

Zer diotsue familiako kideek?
Lasai egoteko. Baina zelan egongo naiz lasai gertatzen dabilena ikusita? Ezin naiz lasai egon.

Ez dute herrialdea abandonatuko?
Ez. Jende askok alde egin du Poloniara, Errumaniara. Baina badago alde egiteko asmorik ez duen beste jende bat. Begira, lehengusuak ditut han, Kharkiv hirian bizi zirenak. Enpresa bat zuten han. Hiritik alde egin behar izan dute eta nire jaioterriko eskualdera mugitu dira. Baina ez dute Ukrainatik irteteko asmorik. Kieveko eta Kharkiveko herritar ugari dabil gure eskualdera heltzen. Eta gure eskualdeko herritarrak haiek harreran hartzen dabiltza. Haiei etxebizitza eskaintzen, janaria prestatzen, umeak zaintzen... Une honetan, Ukraina osoan ez da eskolarik ematen. Ia industria guztia geldirik dago. Dendak ere, berdin.

Gizonezkoek ezin dute herrialdetik alde egin.
Ez. 18tik 60 urtera bitarteko gizonek ezin dute Ukrainatik irten. Probintzia batetik bestera dabiltza, edo gerrako frontera joandakoak dira. Gerran daude, nahiz eta Ukrainak ez duen sekula ere gerrarik gura izan.

Zelakoa da gerra giroa zure eskualdean?
Ni jaio nintzen Ukrainako aldean ez dago borrokarik. Esango nuke Putini ez zaiola interesatzen. Ukrainaren mendebaldeko aldean ukrainarrak dira nagusi. Intependentistak dira denak, herriaren subiranotasuna aldarrikatzen dutenak. Eta Putini ez zaio hori interesatzen. Ekialdeko aldea interesatzen zaio, errusiarragoa den eskualdea. Gutxi gorabehera, Errusiatik Kieverainoko tartea. Ez du gure aldea gura, ezingo lukeelako gobernatu. 2014an, Euromaidan deituriko protestak puri-purian zeudenean, nire lehengusuek, bizilagunek, manifestazioetan parte hartu zuten. Eta Kiev, Odesa eta Kharkiv hirietan errusiarzaleak ziren nagusi. Baina gauzak aldatzen dabiltza. Erregimenarekiko kritikak agerian geratzen dabiltza. Hiri nagusietako herritarren artean aldaketa gertatzen dabil. Adibidez, gure belaunaldiak errusiera ikasi zuen, baina nire anaiak, gazteagoa denak, ez daki errusieraz.

Jaso duzu gerrara joateko deirik?
Orain ez, baina 2014an jaso nuen, Krimeakoa gertatu zenean. Erreserba zerrendan sartu ninduten. Gutun bat bidali zuten amaren etxera. Garai hartan ez nengoen ezkonduta eta hainbat paper bidali behar izan nuen hara, armadara joatea ezinezkoa nuela adierazteko. Lanean nenbilela frogatu behar izan nuen, nominak eta kontratua erakutsita. Bestela, desertore izendatuko ninduketen. Handik urtebetera aita hil zitzaidan, minbiziagaz. Ezin izan nintzen hiletara joan. Amak ez joateko esaten zidan, aireportuan lurreratzeagaz batera atxilotzeko arriskua nuela. Orain ez didate deituko. Agintariek esan dute ez dituztela atzerrian bizi direnak gerrara deituko.

Noiz egon zara Ukrainan azkenengoz?
Hamar bat urte izango dira hara azkenengoz bisitan joan nintzela. Emazteak eta biok uda honetan joan gura genuen. Familia eta herrialdea erakutsi gura nizkion, baina, jakina, dena aldatu da.

Zelan gogoratzen duzu zeure jaioterria?
Oso pozik bizi nintzen, zoriontsua nintzen. Dena nuen han, lana ere bai. Ez nuen ezer falta. Euskal Herrira aldi baterako baino ez nintzen etorri, urtebeterako-edo, ez nuen hemen geratzeko asmorik. Diru apur bat egin eta berriro ere Ukrainara bueltatzea zen nire asmoa. Baina, denboragaz, hemen egin dut neure bizimodua. Lagunak ditut, kuadrilla, eta emaztea ere hemen ezagutu nuen eta hemen geratu naiz. Jaioterriari dagokionez, oroitzapen piloa etortzen zait burura. Familiako 30-40 bat kide elkartzen ginen ospakizunetan. Baten baten etxean elkartu, gero besteren baten etxean, gero beste batenean, gero bizilagunarenean. Elkarregaz abesten genuen eta elkarregaz dantza egiten genuen. Ospakizunen oroitzapen izugarri politak ditut.

Zelan sentitzen zara euskaldunen artean?
Izugarri ondo, etxean lez. Atxondon herritar guztiek ezagutzen naute. Amak ere galdetzen dit zelan nagoen. Eta esaten diot hemen jaio banintz lez bizi naizela. Hizkuntza dela aldatzen den bakarra. Emazteak Durangora bizitzera joan gura luke, baina nik Atxondon geratu gura dudala esaten diot. Hemen mendiak eta zelaiak daude, paisaia berdea. Herri txiki bat da, Ukrainako nire jaioterriaren modukoa.

Gerra dela eta, zein irtenbide gura duzu?
Gerra amaitzea. Ez dut besterik gura. Eskuko telefonoa piztu, Interneten sartu, eta gerra amaitu egin dela dioen albistea irakurri gura dut. Mundu guztiak gura du hori. Hortik aurrerako guztia bere kabuz etorriko da. Herritar errusiarrek ez dute gertatzen dabilenaren errurik. Lagun errusiar asko dut. Nire ustez, Putin da arazoa.

Zer ikasi dezakegu gertatzen dabilen honetatik?
Elkarri lagundu behar diogula, elkarren arteko konfiantza landu behar dugula

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!