Saioa Mantzizidor Zillonizek (Zornotza, 1980) bederatzi urte daramatza txahalak hazten eta okela saltzen. Makroetxaldeek darabilten eredu industrialaren aurrean, argi du berea oso bestelakoa dela. Lana, inplikazioa, mimoa, kalitate goreneko okela eta ingurumenarekiko jasangarria den eredua lantzen duela defendatu du.
Alberto Garzón Kontsumo ministroak zalantzan ipini du makroetxaldeen eredua. Ados zaude?
Bai. Mimoagaz lan egiten duen familia edo abeltzain batek 10-20-30 behi hazi ditzake. Baina hori barik ehunka edo milaka txahal dituenak ez ditu berdin maneiatuko. Eskulan hori galdu egiten da. Makroetxaldeek erosi egiten dituzte txahalak, ez dute behirik. Eta guk, ostera, denak ditugu, behiak eta behi horien txahalak. Oso bestelako planteamendua da. 30 behi ditugu, 40 hektareatan hedatuta. Hartu-eman zuzena duzu abereekin, ekoizleagaz. Eta horrek beste balio batzuk izatea dakar.
Horrek guztiak zelan eragiten du okelaren kalitatean?
Onerako eragiten duela iruditzen zait. Adibide bat ipintzearren, txahalak nik neuk eramaten ditut hiltegira. Hau da, ez dut kamioi bat ez dakit zenbat txahalegaz hiltegira bidaltzen. Animalien ongizateari dagozkion kriterioak kontuan hartzen ditugu. Normalean, hogei ordu baino gutxiago pasatu behar dira txahala landatik lekualdatzen denetik hil arte. Modu horretan, aberea erlaxatuago egoten da, eta horrek okela xamurragoa lortzea ahalbidetzen du, abereak, hiltzen den momentuan, tentsio gutxiago izaten duelako. Baina txahala erlaxatu barik hiltzen baduzu, okela hori gogorra izango da. Eta hori zaintzea ezinezkoa da makroetxaldeen kasuan. Kamioiak arrapaladan joan daitezke batetik bestera. Guk sekula ere ez ditugu txahal bi hiltegira batera eraman. Hobe da egun batean bat eta hurrengoan bestea eramatea. Buruhaustea da, baina gurago dugu horrela egin, aberearen ongizatea zaintzeko.
Eztabaidara irten duen beste puntu bat ingurumenagaz lotuta dago. Abeltzain txikiak zaretenon ereduak zelan laguntzen dio jasangarritasunari?
Sasiz beteriko landak ikusten ditudanean, ernegua sentitzen dut, pena moduko bat. Neure buruari galdetzen diot ea zelan ez dituzten garbitzen edo erabiltzen. Zelan ez dituzten mantentze-lanak egiten. Guk erabiltzen ditugun landak ez dira gureak. Herrira bizitzera joandako baserritarrek utzitakoak dira. Guk erabiltzen ditugu, landan garbiketa lanak eta mantentze-lanak egitearen truke. Eta iruditzen zait horregaz guztiagaz gure eskualdeari, gure herriei, paisaia polit bat ematen diegula. Lan pilo bat egiten dugu landak garbi mantentzeko. Ahuntzak ere baditugu sasia jan dezaten. Horretarako hasi ginen ahuntzekin lanean, garbiketa eta mantentze-lanetan laguntzeko.
Elkarte ekologistek diote okelaren kontsumoa gutxitzeak mesede egin diezaiokeela planetaren jasangarritasunari.
Eta itsasoan ba al dago nahikoa arrain? Munduko biztanleria hainbeste hazi da, okelaren kontsumoa arrainera bideratzen badugu itsasoak ere ez lukeela jasango. Ez dut uste arazoa hor dagoenik. Nik uste dut arazoa ekoizpen eredua dela. Guk egindako inbertsioak 30-40 urtetara begirakoak dira. Makroetxaldeek, ostera, 5-10 urtean lortu gura dituzte etekinak. 4, 5, 6, edo 10 urte leku batean egiten dituzte. Gero, aktibitatea amaitutakoan, lurrak deskontaminatu eta badoaz beste norabait eredu horregaz jarraitzeko. Horrek naturaren zikloa apurtzea dakar. Eta hor dago, nire ustez, desberdintasuna, eurena ustiaketa eredua dela, eta lurrak igarri egiten duela hori. Gurea beste kontu bat da.
Zenbatekoa da abeltzainaren lanak eskatzen duen inplikazioa?
Familia enpresa izatea inplikazioa da. Aurrekoan, adibidez, lagunekin afaltzetik nentorrela, 22:30 aldera edo, behi bat erditzear zegoela ikusi genuen. Jantzi lanerako arropa eta beharrera. Gurea taberna baten edo denda baten parekoa da. Ez da zortzi orduz lan egin eta kito. Negozioak etenbako arreta behar du, baina gero igartzen da tratuan, produktuan. Nik balio handia ematen diot denda batera sartu eta Zer moduz, Saioa? galdetzen didaten aldiro. Betiko jende hori da, ezaguna, beste hartu-eman bat. Gertutasuna eskertzeko modu bat.
Zelan eragin dizue argindarraren eta elikagaien prezioen gorakadak?
Horixe da niri gehien kostatzen zaidana. Bezeroari eskatu beharreko prezioa igo behar hori. Jarduera honetan daramatzadan bederatzi urte hauetan, birritan baino ez ditut prezioak igo. Izan ere, asko kostatzen zait. Nire irabazi-marjinak jaitsi egin dira, eta bien bitartean pentsuaren prezioak gora egin duela ikusi dut, eta argiarenak ere berdin. Bestalde, makroetxaldeak dira prezioa markatzen dutenak. Gehiago saltzen dute eta prezio merkeagoan. Irabazi-tarteak handitzen dituzte, eta horrek modu zuzenean eragiten digu. Azken finean, instituzioetatik ailegatzen zaigun laguntzari eskerrak egiten dugu aurrera. Horiek barik ezingo genuke aurrera egin, Baina nik beste zeozer gura nuke. Prezio duin bat gura dut bezeroarentzat. Eta soldata duin bat niretzat.