#0km

“Okelaren kontsumoa gutxitu? Akaso kontsumoa izango da, bere orokortasunean, gutxitu beharrekoa”

Ekaitz Herrera 2022ko urt. 28a, 09:30

Alberto Garzón Kontsumo ministroak auzitan ipini du okela ustiategi handien ekoizpen eredua. The Guardian egunkariari egindako adierazpenek hautsak harrotu dituzte. Eredu agroindustriala ingurumenarekin ez dela bateragarria esan du, eta gaineratu du kalitate baxuagoko okela ekoizten dela. Horren aurrean, okelaren kontsumoa jaistea iradoki du.

Juan Gallastegik bere abizenagaz izendaturiko harategi bi ditu eskualdean. Durangon bat eta Zaldibarren bestea. Saltzen duen txahal okela guztia bere familiako kideek hazitakoa da. Mallabiko baserrian eta haren inguruan dute ganadua.

Makroetxaldeek kalitate baxuko okela ekoizten dutela eta asko kutsatzen dutela dio Alberto Garzón ministroak.
Halantxik dela uste dut. Ganadu asko dagoen lekuan arazoa egoten da. Planetaren ikuspegitik, denak izan behar du bere oreka. Gu geu ere, gizakiok, soberan egon gaitezke, erdiak baino gehiago. Ganaduagaz berdin.

Zein desberdintasun dago makro-etxaldeen eta abeltzain txikien artean?
Egundokoa. Gure ekoizpena txikia da. Orekatua eta abereak ondo hazten dituena. Makroetxaldeek, ostera, sekulako etekina atera behar izaten dute. Egundoko instalazioak dituzte, egundoko inbertsioak. Eta horiei aurre egiteko, etekin handiak behar dituzte. Zelan egiten duten hori? Abereak puztuta. Hormonatuta, adibidez. Bestalde, txahal okela fama txarra hartzen dabil, aspaldidanik. Zergaitik? Medikuek txarto informatzen dutelako. Medikuek diote oilaskoa edo indioilarra jatea txahal okela jatea baino hobea dela. Baina nik medikuei esaten diedana da pazienteei galdetzeko, ea okela non erosten duten. Zeren erosketa denda txikiren batean egiten badute, orduan okela hori kalitatezkoa izango da. Baina erosten duten okela hori industriala bada, hori beste kontu bat da. Gaur egun modu egokian hazitako eta kalitate handiko txahal okela gutxiago saltzen da, eta, ostera, industrialak izan daitezkeen oilasko eta indioilar gehiago.

Jasangarritasunaren ikuspegitik, okela gutxiago jan beharko genukeela dio Garzónek.
Okelaren kontsumoa gutxitu? Beharbada, kontsumoa izango da gutxitu beharko litzatekeena. Kontsumoa orokorrean. Telefono mugikorrena, autoena, arropena...

Dendari txikiak jo-puntuan sentitzen zarete?
Ez dut halakorik sentitzen, dendari txikiak gara-eta geure buruan sinesten ez dugun lehenengoak. Komertzioetako kide askok etsaiarenean egiten dituzte erosketak. Azalera handiko supermerkatuetan edo Amazonen. Ez diogu elkarri erosten. Beraz, guk geuk gugan sinisten ez badugu, zelan gurako dugu bezeroek gugan sinestea? Erruaren zati handi bat dugu. Eta gizarteak ere bai. Maiatzaren Leheneko manifestazioa amaitutakoan, denok gara ezkerreko, denok gara la letxe. Baina gutariko zeinek ez dio Amazoni erosi? Nori eta gurean tributatu ere egiten ez duen horri. Ustelduta gaude. Gurago dugu Amazoni eman, ondoan bizi denari baino.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!