Zornotzako Elkartasun Sareak ziklo bat itxi du orain arte bidelagun izan dituenak eskertuta

Ekaitz Herrera 2021ko urr. 6a, 10:28

Zornotzako Elkartasun Sareko kideetako batzuk, iazko ekainean.

Bi urteko lan boluntarioaren ostean, Zornotzako Elkartasun Sareak oinarrizko elikagaiak banatzeari utziko dio, herriko "gizarte zerbitzuek gabezia horri behar bezala erantzungo diotelakoan". Elikagaien banaketa zerbitzua desegin arren, sareak martxan jarraituko du. 

Zornotzako Elkartasun Sareak "hainbat aldaketa garrantzitsu" egingo ditu proiektuaren funtzionamenduan. Aldaketa nagusia da utzi egingo diola beharrizana duten herritarrei oinarrizko elikagaiak banatzeari. Gutxi gorabehera duela bi urte ekin zioten lan horri, "gizarte zerbitzuek dituzten gabezia larriek hala behartuta". Kritikatu dutenez, denbora tarte horretan ez dute "instituzio publikoen laguntzarik" jaso,eta gaineratu dute "baliabide gutxirekin" egin diotela aurre egoerari: "zaila da instituzio publikoei dagokien lana egitea, haiek dituzten baliabideak eskura izan gabe. Horregatik, oinarrizko produktuak banatzeari utziko diogu. Eta lan hau egiteari utziko diogu Zornotzako gizarte zerbitzuek gabezia honi behar bezala erantzungo diotelakoan", adierazi dute oharrean. 

Orain arteko ibilbidearen aurrean, Elkartasun Sareak hezur haragitan ikusi du bazterrean bizi diren pertsonek jasaten duten zapalkuntza "multidimentsionala" dela. "Etxebizitza, elikagaiak, eskola materiala, enplegua eta abar eskuratzeko arazoak" dituztela adierazi dute Elkartasun Sareko kideek. Horren aurrean, "kalitatezko gizarte zerbitzu publikoen alde" lanean jarraituko dute, "herriak bakarrik salba dezakeelako herria". 

Eskertza luzea

Elkartasun Sareak eskerrak eman dizkie bertan inplikatutakoei eta "aletxoa" ipini dutenei: "Zuen lokalak utzi dizkiguzuenoi, astero-astero txandak egiten ibili zareten gazte koadrilei, harpidetzekin konprometitu zaretenoi, arropak eta gailuak eman dizkiguzuenoi, herriko elkarte eta komertzioei; Usuabiaga, Kresala, Alberdi, Intxausti, Itsaski, Halal harategia, Xiberu, Patxi, Alambique, Sukoi, Ikasten akademia, Atertu kopiak, Hilario arraindegia, Miren Larrea ipuin kontalaria, Iraunkor, Cuoco, Urtza, Sharky, Nuuka, Luis Urrengoetxeako Eroski City, G.B. Gutierrez botika, Alaia arraindegia, Munarri Gaztetxea, Mugimendu feminista... eskerrik asko bihotz-bihotzez", adierazi dute. 

Ibilbide oparoa

Elkartasun Sareak bi urte hauetan egindako lana oparoa izan da. Pandemiaren lehendabiziko hilabeteetan, adibidez babes maskarak banatu zituzten herritarren eta dendarien artean. Azoka solidarioak antolatu izan dituzte, eta hedabide honek ere gertutik jarraitu ahal izan zuen Sarearen betebehar nagusia: oinarrizko elikagaien banaketa.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!