Forjarien jauregia botatzea ekiditeko, eraikina babestea eskatu dio EH Bilduk gobernu taldeari

Ekaitz Herrera 2021ko eka. 24a, 09:35

"Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean jasotakoa" betetzeko eskatu dute. Forjarien jauregia babestu beharreko ondare lez izendatzea eskatu dio gobernu taldeari, modu horretan, eraikina botatzea ekiditeko.

Zornotzako Forjarien jauregiak zeresana ematen jarraitzen du. EH Bilduk ohar bat igorri du hedabieetara eta bertan adierazi du "larria eta ardurabakoa" izaten ari dela gobernu taldearen jarrera. "Forjarien jauregia botaz gero, Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPOa) eta Ondare Kulturalaren Legea urratuko lirateke", koalizio subiranistaren esanetan. 

EH Bilduk "kontraesanetan" jaustea egotzi dio EAJri. Zornotzan indarrean dagoen HAPOak eraikina babestea aurreikusten duela esan du, eta jeltzaleei aurpegiratu die jauregiaren jabeei "eraikina behera botatzeko baimena" ematea. Ondare Kulturalaren Legeari dagokionez, berriz, koalizioak adierazi du erakundeek eraikin kulturalak zaintzea "lehenetsi" behar dutela, "enpresek edo herritarrek izan ditzaketen balizko interes partikular eta espekulatzaileen gainetik". HAPOa lantzeko prozesua "atzerapenagaz" dator, EH Bilduren esanetan, eta, EAJ eta PSE-EE egin ditu horren erantzule.

Zornotzako Forjarien jauregia historia handiko eraikina da. XX. mendeko industrializazio garaiko ikurretako bat da, hain zuzen, asko izan zirelako bertako forjetan lan egin zuten zornotzarrak. Eraikinaren gaur egungo jabea Vusa eraikuntza enpresa da, baina Zornotzako gazte asanbladak eraikina okupatu zuen duela ia urtebete. Gaur egun Munarri gaztetxea dago bertan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!